Tokiko telebistak emititzeari uzteko erabakia hartu duela irakurri nuen orain dela bizpahiru egun. Beste hitzetan, bukatu direla EITB 1, EITB 2, eta EITB 3. Berri hau lau haizetara zabalduko zela pentsatu banuen ere, ez da horrelakorik gertatu. Askoek ez diote garrantzirik eman, haientzat bost axola. Ni, ordea, aho bete hortz geratu nintzen, hasiera batean. Ez nuen sinisten. Gero, hotzikara sortu zidan albisteak. Momentuan sortu zitzaizkidan galderak oraindik ere deseroso sentiarazten naute: non ikusiko ditut hemengo berriak euskaraz? Herri kiroletaz gozatzeko, pelota partidaz, besetak beste, nora joko dut?



Orain arte, ederki asko iraun du bertako telebistak. Euskara batua oinarritzat hartuta, lurralde osoan informazioa zabaltzeko eta entretenitzeko funtzioak primeran bete ditu. Bide batez, gainera, euskararen erabilera sustatu du. Honegatik guztiagatik, audentzia bikaina izan du. Baina egungo gazteriak telebista albo batera utzi du. Ez du berriak entzuteko beharrik somatzen, eta emititzen diren programa dibertigarriek ez du gazte jendearen atentzioa pizten. Apika Conquis ikusten dute, noizean behin, eta kitto. Besterik ez. Eredu berriak, Netflix, Rakuten edo Twitch, adibidez, guztiak nazioarteko plataforma ikaragarriak,  bertako telebistari gailendu zaizkie. Berriz ere, arrain handiak jaten du ttipia.



Tokiko telebistaren suntsipenak arazo larriak ekar ditzakela ukaezina da. Batetik, euskararen iraupena kolokan jarri daiteke. Hizkuntza batek iraun dezan, hedabideetan erabiltzea ezinbestekoa da, eta are gehiago euskararen kasuan, euskaraz hitz egiten dutenak gutxi baitira. Bestetik, gure lurraldeko kazetariak, filmatzaileak, hots, telebista munduan lan egiten duten guztiak langabezian geratuko lirateke. Horrez gain, erabakiak ondorio txarrak besterik ez ditu ekartzen herritarrontzat. Ezin izango dugu gure lurraldeko informazio zehatza jaso, ezta eguraldia ere. Marrazki bizidunak euskaraz ikusteko aukerarik ez dute izango umeek, eta tradizioz beteriko herri kirolak, nortasuna ematen diguten horiek, galdu egingo dira.



Hain latzak izan daitezke ondorioak, ezen egoerari buelta emateko behartuta ikusten dudan nere burua. Hainbat neurri hartuz gero telebistak emititzen jarraitzea lortu daitekela iruditzen zait. Agerikoa da diru-laguntza gehiago jaso behar dituela telebistak. Beraz, hurrengo aurrekontuak prestatzean, ikus-entzuneko jarduerei garrantzi gehiago ematea ondo legoke. Bestalde, gazteentzat interesgarriak izan daitezken programa bereziak eskaintzea entzulegoa areagotuko luke. Horrela, iragarkietatik lortutako dirua handituko litzateke. Dena den, aldaketa handiak ekintza txiki askorekin burutzen dira. Bakoitzak bere eskutan dagoena egiten badu, hau da, bertako telebista bultzatzen badu, aipatutako arazo guztiak ezerezea geratuko dira. Nik horri ekingo diot. Hemengo telebista ikusiko dut. Eta zuk?