Balantzaren oreka



Agerikoa bezain bistakoa da besteak beste, pandemia dela medio, sare sozialen erabilera etengabe aregotzen ari dela, kalera irten bezain pronto, begiak pantailetan sarturik dituzten eta plaza nagusiko kioskoaren aurka egundoko muturrekoa hartzeko zorian dauden pertsonez inguraturik bizi garela ohartzen baikara. Baina zein ondorio pairatu behar ditugu hauen gehiegizko erabilera dela eta? Zein neurri hartu beharko lirateke ondorio larri hauek ekiditearren?



Bada, puri-purian dagoen mintzagaia da sare sozialena, izan ere, informatzeko, ikasteko edota sozializatzeko beharrak akuilatuta,  tresna digitaletara jo ohi dugu. Dena den, hauen gehiegizko erabilera edota erabilera desegokia dela bide, ondorio larriak jasan ditzakegu. Hori dela eta, adituek, txitean-pitean erabakiak hartu beharko liratekeen ustea dute sare sozialen erabilera aztertzeko asmoz, izan ere, aurrera edo atzera egin behar dugu, zirt edo zart. Kosta ahala kosta.



Tresna digitalen etengabeko erabilerak bizitza sozialean eragin handia duelakoan nago, izan ere, kasurik muturrenekoetan, isolamendu soziala eragin dezake, denboraren poderioz, nork bere burua bakardadera bultzatzera iritsiz. Horrez gain, aisialdia ere oztopatu dezake, izan ere, mendekotasunaren ondorio gisa, zenbaitek, eguna joan eta eguna etorri mundu birtualaren barruan igarotzen dute.



Era berean, osasun arazoak ditugu. Alde batetik, MOEk ohartarazi diguenez, mugikorren gehiegizko erabilerak gure loan ondorio kaltegarriak ditu, lo igarotzen ditugun ordu kopuruak murriztera iritsiz. Bestetik, ikusmen-arazoak ez ezik, sedentarismoa ere eragin dezake, sare sozialetan konektaturik gauden bitartean, oro har, geldirik egoten baikara.



Dena delarik ere, esan beharra dago teknologia garapen bikaina dela, baina honek dakartzan arriskuak ekiditearren, besteak beste, ordu kopurua mugatzeak erantzukizun positiboa izango duela uste dut, izan ere, erabiltzailearen produktibitatea handitzeaz gain, mendekotasun arazoak murriztuko zituen, aldi berean, giza harremanak edukitzeko aukera eta denbora eskainiz.



Horregatik guztiagatik, sare sozialak gure bizitza hobetzeko eta errazteko tresna paregabea direlakoan nago, baina haien gehiegizko erabilera dela medio, ondorio larriak jasan ditzakegu. Hori dela eta, abantailen eta desabantailen arteko balantzaren oreka aurkitzen saiatu behar garela deritzot, tresna bikain eta arriskutsu honi etekin guztia ateratzeko asmoz.