Galdakaon, 2020ko irailaren 28an



Herritar agurgarri hori:



Gutun honen bidez, EGIN kontsumo-taldeko kideen izenean idazten dizut, baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena sortzeko, eta kontsumitzaileen ohiturez nahiz ereduaz hausnartzea bultzatzeko asmoz. Izan ere, kezkagarria iruditu zaigu azkenaldi honetan enpresa handiek ekonomiari begira izandako gorakada, eta, era berean, Euskal Herriko ekoizleen salmentaren beherakada.



Lehenengo eta behin, argi dago guztiontzat samurra dela ezinbesteko elikagaiak erosterako orduan enpresa handi batera jotzea; ekonomikoki salmenta-prezio egokiak ezartzen dituztelako, denda etxetik hurbil aurki ditzakegulako, eta, sarritan, erosi nahi dugun produktua kopuru handian eskainiko digutelako. Alde horretatik, ulergarria da etxe alboko supermerkatura jotzea, hala ere, erosteko asmoa dugun salgaien ekoizpen-prozesuan elikagai asko eraldatuak izan ohi dira, beraz, produktuak zenbait osagai garrantzitsu galtzen ditu.



Gauzak horrela, EGIN kontsumo-taldeko kideen iritziz, produktuak zuzenean ekoizleei erosteak onura handia ekar ditzakela uste dugu. Batetik, enpresa edo multinazional handien ekoizpen-prozesuari begira, produktu ekologikorik ia ez da bereizten, elikagaietako askok pestiziden eta beste hainbat kimikoren zaintza jasotzen baitute; ekoizleen kasuan, aldiz, ahal izanez gero kimiko edo osagai erreaktiboen erabilera murrizten ahalegintzen dira. Bestetik, tokiko ekonomia indartzeko asmoz, kanpoko salgaiak erostea baino,  hurbileko ekoizleen elikagaiak erostea komenigarriagoa dela deritzogu; garestiagoa bada ere, bertoko produktua osagai aberatsagoz osatzen delako.



Bestalde, kontsumo-taldearen eskutik zenbait ekimen antolatzea erabaki da, herritarren kontzientzia piztea beharrezkoa dela ikusten baitugu. Proposamenetako bat Galdakaoko kultur-etxean hitzaldi bat prestatzea izan da, Aitor Ordoñez euskal ekoizle famatuaren eskutik, hain zuzen. Egun horretan, hizlariak etorkizunean produktua izango den lehengaiak ekoizpen-prozesuan zehar jasotzen dituen eraldaketen berri emango du, ekoizle eta multinazionalen arteko konparaketa eginez. Gainera, Galdakaoko Udalarekin adostu ondoren, datorren asteburuan produktu ekologikoen salmentari bultzada emateko azoka antolatzea proposatu dugu; Galdakaoko eta inguruko herrietako edozein ekoizle zein kontsumitzailek etortzeko aukera izango du, eskualdeko elikagaiek duten kalitatearen berri izateko. 



Amaitzeko, kontsumo-taldeko kideok espero dugu ekoizleari zuzenean produktua erosteak dituen onurak ulertu izana. Ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu, eta proposamen berririk izanez gero jarri mesedez gurekin kontaktuan.



Besterik gabe, aldez aurretik eskerrak emanez, agur.


EGIN kontsumo-taldeko kidea
