Azkenaldian, asko hitz egin da auzoko supermerkatu berriaz, denetarik erosi daitekeelako, gainera, edozein ordutan. Hala ere, zer gertatuko da dagoeneko auzoan zeuden denda txikiekin? Zein ondorio ekarriko dizkigu herritarroi? Artikulu honetan, enpresa handien desabantailez, eta komerzio aniztasunaren garrantziaz hitz egingo da.



Lehenik eta behin, enpresa hauen jarduera ekonomikoa argitu behar da. Horrelako zerbitzu batek, hainbeste behar betetzen dituenez, gehienok, hara jotzen dugu edozertarako. Ondorioz, geure gastu gehienen dirua, konpainiaren enpresaburuen esku geratzen da. Beraz, dirudunek, gero eta diru gehiago irabazten dute, herriarena izan beharko litzatekeen dirua. Gainera, supermerkatuetako langile bakarren (izan ere, ahalik eta gehien automatizatzen da lana, gizakiarena ordezkatuz) soldatak, nahiko eskasak dira. Laburbilduz, aberatsak, aberatsago; eta behartsuak, behartsuago izaten bukatuko du egoerak.



Ildo berean, komertzio aniztasunaren garrantzia azpimarratzea beharrezkoa da. Auzo bat besteetatik desberdintzen dugunean, haren berezitasunei esker da, eta diruak mugitzen duen gizarte batean gutxienez,  komertzioak ematen dizkio  berezitasunik garrantzitsuenak. Zenbat aldiz proposatu dugu alboko herrira joatea, adibidez, duen kafetegiagatik? Edo arropa denda bat gustatzen zaigulako? Izan ere, auzoaren arima piztuta mantentzen duena, haren mugimendua da. Tamalez, supermerkatu handien gorakada dela eta, berdin jarraituz gero, auzo guztiak berdin-berdinak izango dira, eta ez dugu haien artean bereizteko berezitasunik, ezta arrazoirik izango.



Honez gain, ezin dugu geure planetaren egoera alde batera utzi. Supermerkatuen produktu asko, era masiboan ekoizten dira, eta honek, zailtasun asko ekarri ditzake, beraz, plastikoen erabileraren aldeko jarrera hartzen dute, haren produkzio erraz eta merkea dela eta. Hala ere, kutsadura asko sortzen du, eta naturari kalte izugarria eragiten dio. Era berean, produktu asko, munduko beste puntatik datoz, eta sekulako bidaia egin behar dute, are gehiago kutsatuz. Bestalde, auzoko dendek, tokiko produktuak saltzen dituzte, material ekologikoagoak erabiliz, eta kutsatzen jarraitzen duten arren, konparaezina da supermerkatuen eta denda txikien kalte ekologikoa.



Laburbilduz, supermerkatuek eskaintzen diguten erraztasun eta abantailez gain, luzera ekonomian, auzoaren nortasunean eta planetan ekarriko dizkiguten ondorioak ere kontuan hartu behar ditugu, eta informazio guzti hau kontuan hartuta, geure kontsumoa baldintzatu beharko genuke.