Gaur egun, hitzetik hortzera dabilen gaia eskualdeko telebistena da. Nire eskualdeko tokiko telebistak emititzeari uzteko asmoa azaldu du, eta ez zait batere ongi iruditzen hartutako erabakia, telebista eskualdeak duen xarma partekatzeko era garrantzitsu bat dela iruditzen zaidalako.



Lehenik eta behin, tokiko telebistak dituen onurak izugarri garrantzitsuak direla iruditzen zait. Azken finean, eskualdeko telebistak emititzeari utziz gero, galdu egingo da eskualdeari buruzko informazioa, eta jendeak pixkanaka-pixkanaka hizkuntza erabiltzeari ere utzi egingo dio. Telebista ikustea oso lagungarria da eskualdeko hizkuntza ez galtzeko. Egunero ikusten dugunez, egunerokotasunean hizkuntza lantzen laguntzen baitigu. Telebista kentzen badigute, nola jarraituko dugu hizkuntza entzun eta erabiltzen? Behin familia eta lagunekin beste hizkuntza batean hitz egiten hasiz gero, ohartu gabe tokiko hizkuntza alde batera utziko dugu, guztiz galtzen den arte. Gainera, izugarri garrantzitsua da tokiko informazioaren berri izateko telebista bat izatea, bestela, bertako jendeak ezin duelako jakin zer ari den gertatzen alboko herrian. 



Bestalde, egia da gaur egun Netflix, HBO, Amazon... bezalako milaka telebista-eredu berri daudela, interes handia sortzen dutenak bai gazte eta baita helduengan ere. Horiez gain, Youtube ere gazte askok kontsumitzen duten sare soziala bihurtu da. Gazteei jakinmin gehiago sortzen die sare sozial horretan agertzen diren pertsonai publikoek erakusten dituzten paisaia, musika, edota Influencer-en artean gertatutako liskarrak entzutea, tokiko musika, ingurune eta albisteak entzutea baino. Niri pertsonalki denbora galtzea iruditzen zait, baina ulergarria da adin horretako interesak eta gure adinekoenak desberdinak izatea. 



Nire aburuz, ez zendukete eskualdeko telebista emititzeari utzi beharko, uste dudalako horrela lurraldea desagertaraztea baino ez dugula lortuko. Hori al da nahi duguna? Zihur nago telebista emititzeari utzi baino lehen praktikan jarri beharreko neurri asko daudela, kontuan izanik telebistak orain arte izan duen arrakasta. Lehenik, iragarki gehiago jarri beharko lituzkete, eta horrela, telebistan agertzen diren produktuen markengandik dirua irabazi. Bigarrenik, lagungarri izan daiteke tokiko jende famatuei elkarrizketaren bat egitea behin edo behin, gazteentzako ere erakargarriagoa izan dadila. Eta hirugarrenik, telebistako tele-sail guztien ordutegia Instagram edo Facebook kontuetan atxikitzeak ere aldaketa bat sortu dezakela uste dut. Azken finean, gaur egun sare sozialak dira gazteengana iristeko modurik errazena.