Ukaezina da azken urteotan teknologiak izan dituen aurrerapenen harira gizakion bizimodua izugarri aldatu dela. Digitalizazioak abantaila ugari ekarri dizkie pertsona orori, baina baita desabantaila mordoa ere, eta hau erraz nabaritzen da bizitzako esparru ezberdinetan, egunerokotasunean ikusten baita.



Lehenik eta behin, sare sozialak geroz eta indar gehiago dute gizartean, gaztetxoen artean gehienbat. Aplikazio hauen bidez elkarren arteko komunikazioa bermatzen dela esatean egia ezkutatu besterik ez dugu egiten, izan ere, oso ondo geratzen da aparatu txiki baten laguntzaz hainbat pertsonekin hitz egiteko aukera dugula esatea, baina noizbait pentsatu al dugu zein den txanponaren beste aurpegia? Esan beharrik ez dago sare sozialen erabilerak jazarpena, bullyinga eta antzerako tratu txarrak ugaritzea eragin duela. Beraz, egokiena deritzot 16 urtetik beherakoei hauetarako sarbidea debekatzea edo erabiltzeko gurasoen baimena behar izatea, honela jazarpen eta ziberbullying kasuak murriztea lortuko zelarik.



Hori gutxi balitz, gailuei dagokionez ere ez gara motz geratzen. Gure gurasoen belaunaldikoek ez zuten mugikorrik eduki gutxienez 20 urte bete arte, bestalde, guri gaztetxoak ginenean oparitu ziguten gure lehenengoa. 12 urteko ume bati mugikor bat oparitzean hark usteko du dagoeneko nagusia dela eta horrek, kontrolatu ezean, arazo ugari suposatu ditzake: aplikazio desegokiak erabiltzea, ezezagunekin hitz egitea, etab. Adin horretako ume bat ez da gai mugikor bat eskuartean edukitzearen alde txarrak ulertzeko, horregatik, ez genuke normalizatu beharko umeei 10 eta 14 urte bitartean mugikor bat oparitzea.



Mugikorren eztabaidarekin jarraituz, nerabeen artean duen eragina ere beldurgarria da. Askorentzat gauero mugikorrarekin ordu oso bat pasa (edo gehiago) eta gero lo hartzea ezinezkoa izaten da, gailu elektroniko horrekin esna mantentzen direlako. Ildo beretik,Tabernaren batean esertzerakoan, adibidez, mugikorren erabilera ez da gutxitzen. Nerabeak non, mugikorrak han. Ezinezkoa da laupabost lagun mahai batean eseri eta denbora luzez elkarrizketa bat mantentzea, beti iristen delako momentu bat non taldeko kide batek mugikorra hartzen duen eta jarraian elkarrizketatik ateratzen den. Hau ekiditeko, lagunekin ateratzen garenean mugikorrak etxean utzi beharko genituzke, tentazioetatik urrun mantendu gaitezen.



Laburbilduz, esan dezakegu erabilpen okerra ematen diegula mugikorrei eta sare sozialei, gaztetatik erabiltzen hasteak hauenganako dependentzia garatuarazi digularik. Gertukoekin pasa beharreko denboraren zati handi bat mugikorrari begira galtzen dugu, eta jarrera hori aldatu beharra dago nola edo hala.