Gure elkartearentzat eta herriko biztanleentzat esanahi berezia duen eguna antolatu dugu berriz ere herrian. Ekimen horrek bi helburu nagusi izango ditu. Alde batetik, herriko eskolaren lana eta ekarpena balioan jarri nahi dugu. Bestetik,  horrelako eskolek dituzten behar eta arazoei erantzuteko politika zehatz eta eraginkorrak aldarrikatzeko bidea da. Argi dago orain arte hartu diren neurriak ez direla nahikoak izan  gure herriko eta inguruko herrien ikastolen egoera larriari irtenbide bat emateko. Ez al da garaia behingoz erakunde publikoek haien lana egiteko?



Gure herriko ikastolak, beste askok bezala, herrien biztanleriaren beherakadaren ondorioak pairatzen ditu urtero. Gero eta familia gehiagok hirietara bizitzera joateko erabakia hartzen dute, eta gure herriarentzat joera hori arriskutsua da oso. Izan ere, prozesu kezkagarri horrek hainbat arazo ezberdin dakartza. Nagusia, beste arlo askotan bezala, ekonomikoa da. Ezinezkoa da hamar irakasle eta hogei ikasle dituen ikastetxea bideragarria izatea, ez ekonomiaren ezta antolakuntzaren aldetik. Profesional horien soldatak ordaintzeaz gain, bestelako kostuei ere aurre egin behar zaie. Eta, hori gutxi balitz, umeak adinaren arabera egindako taldeetan banatu eta hezitzea gero eta zailagoa da ikasle kopurua behera egin ahala. Gainera, ikasle horiek etxetik eskolara joateko zailtasun ugari ere badituzte, askotan ikastetxeak konpondu ezin dituenak.



Horregatik, gure ikastolaren defentsa guri dagokigula argi edukitzea ezinbestekoa da. Eta, harekin batera, herriaren bizimoduarena. Bilbon, Donostian edo Gasteizen ez daukaten bizipoz horren alde borrokatu behar dugu. Naturarekin dugun harreman estua, edota auzokideen arteko elkarlana eta konfiantza maila ez dugu beste inon aurkituko. Eta badakigu bizimodu lasaiago hori atsegin eta mantendu nahi dugula.



Baina ikastetxe ezberdinen egoera hobetze aldera, ideia erakargarriak ez ezik, neurri zehatzak ere beharrezkoak dira. Esan bezala, epe motzean ikastola horien egoera eramangarriagoa egiteko, bai ikasketa-zentruetara, baita ikasteko edozein zailtasun dituzten ikasleetara bideratutako dirulaguntzak ezinbestekoak dira. Hala eta guztiz ere, epe luzean herriko ikastolen bizirautea bermatuko duten politikak izango dira benetan gure seme-alaben eta haien ondorengoen etorkizuna baldintzatuko dutenak. Izan ere, herriko ikastolen etorkizuna herrien etorkizunari lotuta dago. Zenbat eta biztanle gutxiago eduki, orduan eta zailagoa izango da herrientzat kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Salba ditzagun herriak!