KIROL-APUSTUAK
Barakaldon, 2020ko ekainaren 15ean

Auzokide horiek:
Pepe nauzue eta, auzo-elkarteko kideen ordezkari naizen aldetik, gutun honen bidez kezkatzeko modukoa den gai bati buruz hitz egin nahi dizuet. Adituek esaten dutenez, azkenaldi honetan kirol-apustuek zein apostu-etxeek izugarrizko hazkundea izan dute, eta horrek, batik bat, gazteei eragiten die. Halaber, eta teknologiaz baliatuz, adingabekoek ere joka dezaketela ikusi da. Hori dela eta, gero eta gazte gehiagok mendekotasuna jasaten dute.

Arazo horren atzean hainbat kausa eta errudun izango badira ere, nik bat baino ez dut nabarmenduko: etorkizunik eza. Ildo horretatik, eta deus egiten ez badugu, arazoak txarrera egingo du. Izan ere, gazteek etorkizun beltza ikusten dutenez, euren diru guztia apostuan egiteko erabiltzen dutem eta, jakina, galtzen dute. Horren ondorioz, dena gaizki ateratzen zaielako sentsazioak harrapatzen ditu, eta egoera horretatik atera nahian, dirua eskuratu bezain fite berriro ere apustuak egiteko erabiltzen dute. Eta horrela, behin eta berriro behea jo arte. Bidean hainbat bizitza suntsituta geratzen dira, bai jokalarienak bai, kasu larrienetan, jokalarien senideen bizitzak.

Hala eta guztiz ere, arazo hori ez dute gazteek sortu, eta, horregatik, nire ustez, denon esku dago irtenbideak aurkitzen saiatzea - egia esan, gazteek sortu balute, denon ardura dela ere pentsatuko nuke-. Azken finean, helduok pentsatu behar dugu gazteei lagunguz geure buruari laguntzen diogula.

Gauzak horrela, elkarteko kideok pentsatzen dugu premiazkoa dela hainbat ekimen marxan jartzea arazo horri ahalik eta bizkorren aurre egiteko. Lehenik, eta gure jarduerari dagokionez, esan nahi dizuet eskaintza berrikusi dugula, erakargarriagoa izan dadin. Elkartearen lokaleko atean ikusi ahal izango duzuen bezala, datozen hilabeteetarako kontzertu batzuk antolatu ditugu, eta astean behin pelikula bat jarriko dugu. Bigarrenik, alkatearekin elkartu gara eta berak agindu digu udalak ere kirol-jarduerak eta kultur jarduerak zabalduko dituela. Azkenik Eusko Jaurlaritzari gutun bat bidali nahi diogu, xede izanik arauari buruzko hausnarketa sakona egin dezan. Hori dela eta, zuen iritziak eta ekarpenak, hots, bizi izan dituzuen egoerak edota zuen inguruan  ikusi dituzuen arazoak, ezagutzea oso interesgarria izango litzateke. Horiek guztiak mezu elektronikoen bidez helarazi diezazkigukezue.

Nik animatzen zaituztet parte hartzera, lehen esan dudan bezala, denontzat onurragarria izango baita.

Agur bero bat.
