Guztiok konturatu gara azken egun hauetan pairatzen ari garen eguraldi kaskarraz. Sekulako haizeaz gain, egundoko euriteak eta tximistak ditugu gainean. Oso arriskutsua da inongo aktibitaterik burutzea egoera honetan, eta denboraleak gure osasuna eta segurtasuna airean jarri duenez, Udalak, herritarrok babesteko, neurri batzuk ezarri behar izan ditu.



Arriskuaren aurrean, hondartzetara, parkeetara, eta halakoetara sartzea debekatu du Udalak. Funtzionarioen ustetan gure onurarako izango diren neurri batzuk dira hauek, baina jende askoren iritziz, herritarron askatasunaren murriztapenak besterik ez dira. Neurri hauei muzin egin dietenek uste dute askatasuna segurtasunaren gainetik egon behar duela, eta bakoitza bere zaintzaren arduradun izan behar duela, ez duela beste inoren eskuetan egon behar.



Herritar askeak garen moduan, nahi duguna egiteko askatasuna dugu, noski: parkera joan gaitezke jolastera, mendi ibilaldi bat egin... Guztiok dugu eskubide hau, baina, horrez gain, betebehar batzuk ere baditugu. Gizartearen zati garen moduan, gure akzioek ez digute guri bakarrik eragiten, herri guztiari baizik, eta honen konsziente garelarik, ezin dugu gure buruan bakarrik pentxatu. Esate baterako, itsasora sartuko banintz ekaitza arriskutsu honekin, eta zoritxarrez arazoren bat izango banu, inguruan paseoan dabilen herritar bat ni salbatzeko saiakeran arriskuan jarriko nuke. Era berean, mendi ibilaldi batean euritearen ondorioz, edo haize latza dela-eta, galduko banintz, nork ordaindu beharko luke erreskate taldea?



Horrelako egoerarik gertatuko balitz, arazoa udaletxearen kargu geratuko litzateke, ala herritarrak artuko luke ardura? Administrazioa ezin da epaile-lanetan jarri, ezta inori bota errua, berea baita herritarrak babestearen betebeharra. Beraz, bai segurtasuna eta osasuna bermatzeko, bai erruaren inguruko liskarrik ez gertatzeko, eta baita elkarbizitza bermatzeko, Udalak neurri-murriztaile batzuk ezartzeko beharra du.



Laburbilduz, guztioi eragiten digun larrialdi-egoera baten aurrean gaude. Ondorioz, Udalak, gure osasunaren eta segurtasunaren bermea bilatuz, lege-murriztaile batzuk ezarri behar izan ditu. Zoritxarreko egoera honen aurrean, batzuek beraien eskubideak urratuak izaten ari direla aldarrikatu arren, nire ustetan, banako bezala, errespetuz jokatu beharko genuke, administrazioaren argibideak jarraikiz eta elkarbizitza bermatzen saiatuz, ingurukoak errespetatzeko betebeharra dugu-eta.
