Astebete eskatu digute; zazpi egun hondartzara, parkeetara edota pasealekuetera joan gabe. Honek jende nahikoren haserrea piztu du eta protesta moduan, debekuak zakarrera bota eta beraien eskubideak aldarrikatzen ari dira. Denboralea gainean dugu jada eta oraindik hainbat pertsona ikus ditzakegu kaletik trankil-trankil.  



 Beste egunean, erosketak egiten nenbilen bitartean, emakume bat entzun nuen alboan zuen beste andre bati esanez: Haizeak eraman nahi banau, eraman nazala. Giza askatasuna ezin zela debekatu aipatu zuen jarraian. Egia esan, bat nator berarekin, era oso ezberdinean izan arren.



  Gure herriaz uneoro gozatzea herritar guztion eskubidea izan beharko litzateke, gure segurtasuna bermatzen bada. Sekulako denboralea datorkigu eta momentu honetan, kaletik ibiltzea ez da aukerarik seguruena. Haize bolada edo euri zaparrada zakar batek gu ezustekoan harrapatzekotan, akabo. Aipatzekoa da udalak erreskate zerbitzua eskaitzen duela arriskuan dauden pertsonentzako; hala ere, zenbait ardurabako debekuen kontra egoteagatik beste batzuen bizia arriskatzea bidegabekeri galanta izango litzateke. Hau dela eta, norberak ordaindu behar izango du aipatutako zerbitzua, debekua errespetatu ez izanaren kasuan eta ondo deritzot. 



  Egia da debekua gehiegizko neurria dela eta ulergarria da ere denok konforme ez egotea. Bakoitzaren esku dago bere burua arriskatzea, bigarren baten segurtasuna gurekin eramaten ez dugun einean. Dena den, gu babestea baita gure ongizatea bermatzea ere Administrazioaren lanik garrantzitsuenetarikoa da; eta horretarako, nahitaezkoa da arauak egotea. Noski, gero bakoitzaren erabakia da arau horiek errespetatzea edo ez. 



  Esateko beharra dago, udalak ez gaituela konfinatu; hainbat toki baino ez ditu gure ohiko ibilbidetik kendu, aire freskoa nahi izatekotan etxetik irtetzeko aukera uzango dugu beti. Aldarrikapen hau sustatzen duten pertsonak umeek izaten dituzten muturtzeak ez simulatzeko nahiko helduak direla eta desadostasunak beste era batean konpondu ditzaketela uste dut. 



  Esandakoa esanda, nire uste apaletik, segurtasuna eta askatasuna eskutik hartuta joan beharko lirateke gure sisteman. Bikotekideak izango balira bezala, batak bestea errespetatu beharko luke harremanak aurrera egin zezan. Gu harreman horretako ezinbesteko piezak gara, gure esku dago honek aurrera egitea edo ez.