BIZI-TESTAMENTUAREN BURU HAUSTEAK



Gure kulturan, heriotzari bizkar emanez bizi izan gara beti. Heriotza bizitzaren parte da, baina gehiengoarentzako beldurra sortzen duen gai konplexua da hau. Heriotzak gauza asko dakartza bere gain, horien artean senide eta lagunen sufrimendua. Baina, horren atzean ohikoa izaten den beste gai garrantzitsu bat ere aurki dezakegu, besteak beste testamentuarekin arazoak. Zer gertatzen da bizi-testamentuaz hitz egiten dugunean? Eta bizi-testamenturik ez dagoenean?



Betidanik testamentuak buru hauste asko ekarri ditu familiako kideen artean. Normalean, senideen artean gatazka ugari sortzen dira jada beraien artean ez dagoen senideak egindako ondasunen zatiketagatik. Esate baterako, ondasun gehiago utziko zizkizula pentsatzea, anai-arrebei utzitakoagatik jeloskor jartzea, eztabaidak... Desadostasun hauek are konplexuagoak bihur daitezke oraindik senitartekoak aurretiazko borondateen agiria egin gabe uzten duenean.



Agiririk gabe, familiakideen artean bideratu behar dira erabaki guztiak eta hau normalean ez da gai erraza izaten. Jada eginda dagoen agiriarekin arazoak sortzen baldin badira, zer esan hau gabe sortzen direnak. Batzuetan, ondasun materialak eskuartean daudenean ez da adostasun bat lortzen senitartekoen artean eta askotan ahaztu egiten zaigu hildako senitartekoaren galerak sortu digun sufrimentua. 



Bestalde, testamentuak sinatzen duenaren aldetik testamentua egiteko orduan hainbat zalantza sortu ohi dira. Inork ez daki noiz izango den bere azken eguna; gazteak garenean are gutxiago. Bizi-testamentua gaixotasun larri bat dugunerako edo adin nagusikoak garenerako uzten dugu, hortan pentsatu gabe. Etorkizun luze baterako uzten dugu. Oso ohikoa da adibidez pentsatzea urte asko ditugula oraindik aurretik, gazteak garela edo ez dugula baliozko ezer bizi-testamentuan uzteko. 



Dena den, aurretiazko agiri hau hemezortzi urtetik aurrera egiteko eskubidea daukagu eta gazte askok ez dute horren berri. Jada aipatu bezala, heriotza kontzeptua eta horrek dakarren guztia normalizatu gabeko ezparru da, ondorioz informazio falta handia dago gazteenen artean; noiz egin, nola egin, non egin... Ez bakarrik gazteen artean, baita helduen artean ere. Izan ere, gutxi hitz egiten den gaia delako eta testamentua egiteko ordua dugula pentsatzen dugunean soilik jotzen dugu galdetzera.



Laburbilduz, heriotza, bizitza bezala eskubide bat da eta horrekin batera aurretiazko borondateen agiria egiteko eskubidea daukagu hemezortzi urtetik aurrera. Gure kulturan segurtasun eza eta beldurra dakarren gai bat da, hori dela eta, horren aurrean izaten dugun jarrera ondorioekin bat dator. Azken urteetan, eskoletan normalizatzen hasi den gai bat da eta nire ustez etorkizunera begira aurrera pauso bat suposatuko duen ekintza. Izan ere, eskolatik gaia jorratzen hasiz gero, beldurra kenduko diogu eta bizi-testamentua egitea naturaltasunez ikusiko dugu, edozein adin dugularik. Horretarako, nire ustez, lagungarriak izan daitezke foroak eta plataformak non agiria burutzeko lagungarriak, esperientziak eta orientabideak eskura ditzakegun. 



