Bizitzaren amaierari buruz ari garenean, erantzun objektibo batera iristea ezinezkoa dugunez, gogoeta sakonegia dela diote askok. Beste askorentzat, berriz, harrigarria bezain sinestezina da noizbait mundu hau utziko dugula aditzea. Hala, historian zehar saiatu bagara ere, gizakiok ez diogu galdera honi erantzunik topatu. Kontua da, gizakiok erantzunik gabeko galderak gustuko ez ditugula, eta, beraz, gure kulturan heriotzari bizkar emanez bizi gara. Honekin jarraituz, heriotza alde batera uzteak dakarren ondorioak baztertzen ditugu, hauek ezinbestean bidea oztopatzen diguten arte. Azken asteotan nire familiak pairatu behar izan duen egoera dugu honen adibide:  denbora luzez sufritu ostean hil den senitarteko gaixo baten erabaki guztiak hartu behar izan ditu familiak, honek aurretiazko borondateen agiria egin gabe zeukan eta. Esperientzia hau bizi ostean, nire betebeharra dela uste dut artikulu honetan irakurlea bizi-testamentuaren garrantziaz jabetzea.



Ezeri ekin baino lehen, bizitako esperientzian gehiago sakontzea gustatuko litzaidake. Nire senide Jonek bizi-testamenturik ez zeukanez, hau hiltzean erabaki guztiak familiaren esku geratu ziren. Hala ere,  tristea izan beharko lukeen egoerak komedia itxura hartu zuen, Donostiako senideek gorputza erre eta errautsak bere mendi gogokoenean sakabanatzeko zihoten bitartean, Gasteizkoek, Jon bere amaren ondoan lurperatu beharko genukeela uste baikenuen. Arazo hau erraz ekidituko genuke Jonek bizi-testamentua eginda eduki izan balu.



Horretaz aparte, inork ez zuen mundura etortzeko eskatu. Beraz, mundu hau nahi dugun bezala uzteko eskubidea eduki beharko genuke. Honen harira, arestian aipatu den bezala, aurretiazko borondateen agiria eginda eduki ezean, zure senideak dira zure gorputzarekin zer egin erabakitzen dutenak. Zure gorputza ez da, ordea, hiltzerakoan atzean uzten duzun gauza bakarra: ondasun materialak ere bizidunon munduan segituko dute. Ondorioz, mundu hau uztean zure panpin preziatua zure lagun minari utzi nahi badiozu ere, bizi-testamenturik ez badaukazu, ziurrenik, zure lehengusu jasanezinaren besoetan amaituko du.



Azkenik,  hemezortzi urtetik gorako edonork idatz dezake bizi-testamentua,  eta hau egitea nahiko samurra da gainera. Beraz, ez dago aitzakiarik. Noski, familiarekin komentatzea komeni da, hauek ere haien testamentua idatz dezaten etorkizunean gerta daitezkeen arazoak ekiditzeko. 



Laburbilduz,  ezin dugu heriotza alde batera utzi, ironikoki, gure bizitzaren parte da eta. Hau irakurri ostean, urretiazko borondateen agiria egitea ezinbestekoa dela ondoriozta dezakegu, honi esker, mundua nahi duzun bezala uzteaz aparte, zure familiari zu behar zela agurtzeko aukera emango baitiouzu.
