Donostian, 2021eko apirilaren 20an



Herritar agurgarriak:



Amaia nauzue, Herriak oinez lotu izeneko elkarteko kidea. Elkarte honen xede nagusia, Getaria eta Zarautz lotzen dituen oinezko bidearen egituraketa aproposa aldarrikatzea da, izan ere, pil-pilean dagoen gaia da jarraian dagoen herriko sarreran bideak duen etena. Gainera, txiki-txikitatik Getarian bizitakoa naiz; beraz, ezagutza asko ditut inguruaz eta baita herritarrek dituzten premietaz ere.



Lehenik, bi herritako udaletxeei eskerrak ematea gustatuko litzaidake, orainarte egindako lana txalotzekoa baita. Euskal kostaldea maitatzen dutenentzat izugarria da ibilaldi hau. Hain zuzen ere, 5 kilometroko ibilaldia egiteko aukera ematen du, momentuoro itsasoaren aldamenetik, olatu hotsa entzunez eta urrutira Getariako arratoia ikusiz. Dibertigarria ere suertatu daiteke olatu handiko egunetan, hauek lehertzean oinezkoak bustitzea ohikoa delako. Etxeko txikienekin egitea ere gomendagarria da, bideak ez baitu ordekarik. Ildo beretik jarraituz, zer esanik ez dago adineko jendeari ekarri dakioken poztasunaz, nahikoa baita bertan paseatzen doazenen aurpegiei erreparatzearekin bakarrik.



Duela bi egun herritarren artean egindako inkestaren arabera, itsasoa eta mendia dira gure artean gehien miresten diren pausaguneak. Hori gutxi balitz, itsasoarekiko kontaktuak osasunean duen eragina ere aztertu dugu eta zera ondorioztatu dugu: itsasoak botika bezala joka dezake. Hainbat gaixotasunen kalteak gutxitzen ditu, hala nola, minbiziarenak eta psikologikoki ere lagungarria izan daiteke herritar ororentzat.



Proiektu berri honek ordea, afera handi bat du. Aurretik aipatutako abantaila guztien aukera izan dezaten bi herritakoek eta baita kanpotik etorritako oinezkoek, bidearen azken muturreko lotura modu egokienean egitea eskatzen da, izan ere, segurtasun neurriak ezin dira gutiz bete errepidez egin behar den azken zatian. Autoak abiadura handian higitzen dira bertatik eta dagoen tarte txikiaren ondorioz, gurpildun aulkientzat ezinezkoa da bertatik igarotzea. 



Udaletxeen kezka pizten duen kutsaduraren konponbide ere izan daitekeenez bide berri hau (herritar guztiek ez baitute autoa hartuko ondoko herrira joateko), eta herritarron eskubidea denez ondoko herrira oinez joateko aukera izatea, ondorengo egunetarako antolatu ditugun ekimenetan parte-hartzera animatzen zaituztet. 



Gure eskaria irekia da, beraz inor ere ez dugu etortzera bultzatuko, garbi dugu: zenbat buru, hainbat aburu. Hala ere, gehiengoak gure antzera pentsatzen duzuela iruditzen zaigu. Horregatik, hilaren 19an eta 20an (ostirala eta larunbata) bi herritako udaletxeen aurrean elkartaratzeak antolatu ditugu. Jakitun gara pandemia egoera honetaz; hortaz, ezinbestekoa izango da musukoa ekartzea eta segurtasun-distantziak mantentzea. Bi egunetako ekimen hauek arratsaldeko 19:00tan izango dira. Animatu zaitezte eta garbi utzi dezagun lanak hastean ongi bukatu behar direla.



Elkar ikusiko dugulakoan,

Mila esker aldez aurretik,



Herriak oinez lotu elkarteko kidea.
