Gizabanakook jaio, bizi eta hil egiten garela txikitan ikasten dugu. Baina, jaiotza eta bizitza ospatzen baditugu ere, heriotza, berriz, gehienok ez dugu ezta aipatzen ere, nahiz eta guztiok pairatuko dugun bizipena izan. Hori, halaber, gure kulturan oso errotuta dagoen jarrera da, baita beldurrez aipatzen dugun gaia ere. Edonola ere, ohikoa da, tamalez, askok beren borondateen agiria prestaturik ez edukitzea heriotzarekin aurkitzerako momentuan.



Hori da, hain zuzen ere, nire familian duela gutxi gertaturikoa, eta egoera ez da kudeatzeko batere erraza izan. Izan ere, medikuaren laguntzarekin hartu behar izan ditugu erabaki ugari. Horrenbestez, nire ustetan, aurretiazko borondateen agiria egitea ezinbestekoa da, etorkizunean gure familiako kideek zailtasunez betetako egoera bat bizi ez dezaten.



Horiek horrela, guztiok entzun ditugu egoera horretan maiz sortzen diren arazoak. Alde batetik, gorputzarekin zer egiteko dauden hainbat aukeren artean, hildakoak zein hautatuko zukeen ez dakigu. Beste alde batetik, gure senideak bizitzan zehar lortutako aberastasuna banatzeko erabili behar ditugun irizpideekin ez dauzkagu batere argi.



Hori gutxi bada ere, egoera horietan ohikoa da oinordekoen artean adostasunik ez egotea, bakoitzak bere ikuspuntua izan ohi du eta arlo ezberdinetan, esaterako: etxebizitza saldu daiteke ala senide batek erabili dezake, gorputza erre ala lurperatu daiteke, besteak beste, bere objektu pertsonalak bota ala gorde daitezke...



Zorionez, egoera desatsegin horiek guztiak ekiditeko tresnarik badago. Lehenik, bizitzan zehar heriotzaz naturaltasunez hitz egitea asko lagunduko luke. Bigarrenik, lehenbailehen testamendua egitea gomendagarria da oso, hemezortzi urtetik gorako edonork egin dezake eta. Horretarako, abokatu baten laguntzaz baliatzea eta betiere erabakitakoa familiarekin partekatzea aukera apartak direlako ustea daukat. Azkenik, bizi-testamentu hori ahalik eta argien idaztea oso komenigarria da, bakoitzak erabakitakoa ahalik eta xehetasun handienarekin azalduz. Izan ere, norberak du zein baldintzatan hil nahi duen aukeratzeko eskubidea.



Bukatzeko, heriotza inork saihestu ezin duen heinean, naturaltasun handiagoaz tratatu beharko genukeelakoan nago. Are gehiago, gurasoak euren seme-alabekin gai horietaz gaztetatik jorratzea begi onez ikusiko nuke.