Gernikan, 2020ko irailaren 28an



Jaun/Andre agurgarria:



Eskutitz honen bidez, nire kontsumo-taldearen izenean, gure eguneroko erosketek ingurumenean eta ekonomian izan dezaketen eragin kaltegarria eta hau saihesteko aukera azaltzea gustatuko litzaidake. Honela, hurbileko produktuak erosteak dakartzan zenbait alderdi positibo laburbiltzen saiatuko naiz, beharrezko kontsumo aldaketa prozesu honetan parte hartzera animatuz.    



Lehenengo eta behin, gaur egun dugun kontsumo eredu arduragabea alde batera uzteko beharra azpimarratu nahi dut. Oro har eta salbuespenak salbu, gure mahaian egunero biltzen diren elikagaiak munduko mutur guztietatik datoz. Gainera, ohitura hau ez da bakarrik mugatzen hemen ez ditugun produktuetara, baizik eta gure eremuetan oso ugariak diren elikagaietara ere; esate baterako, supermerkatuan Estatu Batuetako intxaurrak edo Hego Afrikako sagarrak aurki ditzakegu. Honen ondorioz, produktu hauek leku batetik bestera garraiatzeko, kutsadura maila jasanezina sortzen dugu, gure ingurumenari izugarrizko kalte eginez.



Hori dela eta, gure kontsumo eredua jasangarriagoa izan dadin, gure baserritarren eta erosleen arteko harreman zuzena bultzatzea ezinbesteko neurria da. Izan ere, 0 km-ko produktuak erosteak hainbat onura ekologiko dakar: kutsadura maila gutxiestea, garaiko produktuak kontsumitzea, landa-eremuak babestea... Gainera, orokorrean, hemego produktuen ekoizpen ereduak hobeto ezagutzeko aukera dugu, arautegiak informazio hau eskuragarri egotea bermatzen baitu.     



Honez gain, gure kontsumo eredua aldatzearen abantailak ez dira bakarrik arlo ekologikora murrizten. Alderdi ekonomikoari dagokionez, abantaila asko lor dezakegu ere, gure nekazaritza eta abeltzaintza defendatuz, eta tokiko ekonomia indartuz. Azken batean, kontuan hartu behar dugu gure ekonomia osatzen duten arlo ezberdinak guztiz konektatuta daudela, eta sektore bat indartuz gero, honek beste sektoreetan eragin positiboak dituela ere. 



Laburbilduz, eskutiz hau oso barneratuta dauzkagun kontsumo ohiturak eta hauei dagozkien ondorioei buruz hausnartzeko baliagarria izan zaizula espero dut eta, aldi berean, hauetako ohitura batzuk aldatzera animatu nahi zaitut.  Gai honen inguruan informazio gehiago jaso nahi baldin baduzu, gurekin kontaktuan jar zaitezke ondorengo telefono zenbakiaren bidez (600000000) edo gure bulegora hurbilduz, Gernikako enparantza nagusian, liburutegiaren ondoko atariko lehenengo solairuan.    



Adeitasunez, agur.



kontsumo-talde kidea.
