Gezurra badirudi ere, hogeita hamar urte pasa dira gure eskualdeko telebista emititzen hasi zenetik. Irrifar batez gogoratzen ditut lehenengo emanaldiak. Marrazki bizidunak, informatiboak eta herriko pertsona famatuei amaigabeko elkarrizketak. Ez dago esaterik, zaila dela horrelako proiektua martxan jartzea eta hasieran, teknikoki, desastre hutsa zen emisioa. Baina gure telebista kuttuna zen, eta akats guztiak barkatu genizkion gertuko egunerokotasunari zabaldutako lehio berri horri.

     Denbora joan ahala, etxeetan sartu zen eta tartea lortu zuen gainontzeko telebista kateen handien artean. Ez hori bakarrik, publizitateari esker dirua heldu zen eta kalitatea gora egin zuen aitaren batean. Herriko berriak jakiteko parada izan genuen, baita kirolarien lorpenak ikusteko aukera ere. Esan beharra dago, inoiz bezalako gertutasuna lortu genuela bizilagunen artean.

     Orain, jakin izan dugu telebista azken egunetan egon daitekeela. Alde batetik, audientziak behera egin du azken hilabeteotan, bestetik, diru laguntzak murriztu egin dira eta iragarkien bidez sartzen den dirua ez omen da azpiegitura mantentzeko modukoa. Beraz, adio esan beharko diogu eskualdean daukagun telebistari eta, horrekin batera, inguruan euskera zabaltzen duen duen hedabide bakarrari ere agur esan beharko diogu. 

     Egia da, telebista-eredua aldatzen ari dela eta gaur egun Netfix, Youtube, HBO eta holakoak direla eta inoiz baino aukera gehiago dagoela edozer uneoro ikusteko. Baina, nire ustez, tokiko telebista batek plataforma berri hauek guztiak iristen ez diren lekura iristeko ahaleginak egin beharko lituzke. Izan ere, hedabide hauetan ez dugu herriko antzerki taldearen berri izango, ezta zaharren egoitzan egiten diren ekintzak ikusteko aukera ere, ez digu emango. Ez hori bakarrik, hizkuntza entzuteko eta zabaltzeko bozgorailurik onena izan dugu orain arte eta horretarako ez dugu ordezkorik topatuko nazioarteko plataforma erraldoi hauen artean.

     Hori gutxi balitz, lanpostuak ere galduko dira eta hor lan egiten duten profesionalak beste leku batetara joan beharko dira lan bila.  Ez dugu ahaztu behar, gazte askorendako beraien lehen lan aukera izan dela eta, orain entzute handia duten kazetari askok, eskualdeko telebistan eman zituztela lehengo pausuak.

  Beraz, ahaleginak eskatuko nieke erakundeei, telebistari laguntza eman diezaioten. Agian ez ditu etekinak emango baina, beste modu bateko onurak ematen dizkigu bizilagun guztioi, kultura eta gertutasuna esate baterako.