Azken egun hauetan, askatasuna galtzea zer den jakin egin dugu. Denok jakingo dugunez, gaixotasun batek milaka hildako utzi ditu azken hilabetetan. Horrexegatik, kalera atera ezinik egon gara: beste pertsonak gugandik babesteko, eta, era berean, geure burua ere babestu ahal izateko. Pixkanaka-pixkanaka, egoera normaltasun berri batera bueltatzen ari da. Ikastolek eta unibertsitateek berriro ateak zabaldu egin dituzte, jatetxeak eta tabernak ere ireki egin dira, eta, garrantzitsuena, jendea berriro kalera atera daiteke.

Orain, jendeak normaltasun berri batekin bizitzen hasten zegoelarik, egoerak atzera egin du denboralea dela-eta. Hondartzetara, parkeetara, pasealekuetara... sartzea debekatu egin da. Udalak, segurtasun arrazoiengatik, gure askatasuna berriro mugatzea komenigarriena dela erabaki egin du.

Ezezaguna eta kontrolaezina den gaixotasun baten aurrean hainbat erabaki hartzea ulertu dezaket. Olatuak, haizea eta antzeko arrazoiengatik, ordea, oso desberdina den egoera baten aurrean gaude. Arazoa ez da bakarrik toki hauetara sartu ezin izatea, mota honetako erabakiak hartu ahal izatea suposatzen duena baizik. Udalak herritarroi honelako debekuak ezartzea bidegabekeria ikaragarria da, gure askatasuna murrizten baitute.

Arauak ezinbestekoak dira elkarbizitzarako, noski. Izan ere, gizarte batean bizi garenez, gure ekintzek onodorio larriak ekar ditzakete. Hori izan da azken hilabeteen kasua, edozein pertsonak beste edonor kutsa zezakelako. Hala bada ere, norberak bere burua bakarrik arriskatzen ari bada, hala nola, hondartzara igeri egitera doan pertsona batek, ez luke zertan debekurik egon behar. Kasu hauetan, administrazioaren ardura ez da epaile-lana egitea, gomendioak ematearena baizik. Aholkatzea eta inposatzea ez dira gauza bera. Hori bai, egoera jakinik, kasurik ez egitea hautatzen duten pertsonak erreskatatuak izan beharko balira, larrialdi eta medikuntza zerbitzuen kostuetaz arduratu beharko lirateke. 

Gure segurtasuna bermatzeko oinarrizkoak diren arauak eta debekuak beharrezkoak direla ukaezina da. Hala ez balitz, gizarte batean bizitzea ezinezkoa izango litzateke, denok denongandik baztertuta bizitzera behartuz.

Aldi berean, inorri ez zaio gustatzen bere askatasuna murriztea. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko muga oso mehea izatera iritsi daiteke. Hori izan da udalerriak hartu dituen erabakien kasuan. Nire aburuz, gehiegizkoak diren neurriak hartu egin dira, eta horrexegatik, herriko administrazioak atzera egin behar duela deritzot.