Esku artean dugun gaia hautsak harrotu ditu haren inguruko eztabaida hasi zenetik. Izan ere, aurretiazko borondateen agiria egiteak ala ez pentsamendu oso kontrajarriak eragiten ditu. Bizi-testamentu hau oso baliagarria izan daitekeela uste dut, bai bizitzaren azkenengo etapan dauden pertsonentzat, zein euren ingurukoentzat, sufrimendu handia ekidituz.



Hasi baino lehen, esan beharra dago heriotza ez dela batere gai atseginik, batez ere bizi garen gizarte honetan. Nolanahi ere, normaltasunez jorratu beharko genukeen auzia dela uste dut, heriotza bizitzaren parte baita, beste prozesu bat besterik ez. Izan ere, badaude beste kultura asko non hau oso barneratuta duten eta heriotza ospatzen duten, madarikatu baino. Kultura hauetan ez dira hainbeste kexkatzen ezezagun diren gauzetaz; heriotzaz, kasurako. Gure gizartea, ordea, heriotzaz beldurtzen da ezezaguna delako. Inork ez digu erakutsi nola kudeatzen diren egoera hauek, aitzitik, honelako gaiak azaleratzen diren bakoitzean ekiditzen ditugu galerak sortutako minarekin soilik  geratzen garelako; beraz, ez gara ohartzen galdutako horrek eman eta irakatsi dizkigun gauzetaz. 



Heriotza tabu bihurtze honek aurretiazko borondateen agiria tabu ere bihurtzea eragin du. Askoren aburuz, heriotza soilik igaro behar da momentuan, baina heriotzarako bidea bizitzaren azken urteetan nolabait prestatu daiteke. Hau da, heriotza, gehienetan, prozesu naturala da; beraz, nola igaroko dugun aurreikustea ez du zertan gauza deseroso edo txarra izan, aitzitik oso lagungarria izan daiteke eta, lehen aipatu dudan bezala, sufrimendu handia ekiditu dezake. Halaber, geure heriotzarako bidearen jabe izateak geure patuaren jabe garela azpimarratzen duela uste dut, eta horrek geure bizitza benetan guk nahi dugun moduan bizitzeko askatasuna ahalbidetzen digu.



Esperientziak erakutsi didan bezala, bizi-testamendua prestaturik ez duen  gaixo batek, nahitaez, bere familiari uzten dizkio bere osasunaren inguruko erabaki guztiak. Nire kasuan, atsegina ez izanagatik ere, geure erabakiak nolabait bat etortzen ziren gure senidearen borondatearekin. Zalantzak eta eztabaidak izan genituen, noski, baina geure senidearen ongizatea helburua zen beti. Hala ere, badadude kasuak non gaixoak eta senideak ez diren ondo konpontzen, hortaz, gaixoaren ongizatea familiaren menpean uztea kaltegarria izan daiteke. Honezkero, berebiziko garrantzia ikusten diot ebaluazioak egiteari, zuzenean familiari erantzukizuna ematea baino, horrela, gaixoaren ingurua hobeto aztertuta, euren segurtasuna bermatu egingo baita.

 

Aurreko guztia aintzat hartuta, amai dezadan esanez guztiz bearrezkoa ikusten dudala heriotza normaltasunez jorratzea gazteak garenetik.  Heriotza prozesu naturaltzat hartzen badugu, orduan, honen inguruko erabakiak hartzeko aske izango gara eta bizitzan askatasun hori ez da gauerdiko ahuntzaren eztula.