Hizkuntzalaritza 



Pasa den abuztuan Euskal Herri osoko zenbait hizkuntzalarik euskararen egoera aztertzeko biltzarra izan genuen Andoainen, bertan luze eta zabal eztabaidatu genuen euskarak egun dituen erronkez. Biltzarrean iritzi ezberdinak batu ostean, adostutako ildoak elkartu eta Argia aldizkarira artikulua igortzea pentsatu dugu. Aldizkari euskaltzalea izateaz gain, orotariko gaiak ere jorratzen dituenez bestelako jakintza arloetara iritsi gura dugu.



Andoainen bildutako hizkuntzalariok kezka adierazi nahi dugu egun euskarak duen ondoezaz. Ezen, azken urteetan aurrera begirako urrats sendoak eman badira ere, kezkaz bizi dugu euskararen egunerokoa. Urrats sendoak eman dira atzen hamarkadetan euskararen ezagutzan: dela hezkuntzaren bidez, dela helduen euskalduntze eta alfabetatzean bidez. Era berean, agerikoa da eremu formaletan: unibertsitatean, administrazioan, goi karguetan euskarak presentzia irabazi duela. Halere, euskalgintzaren orain arteko lan eskerga balioetsiz eta, ezelan ere, gutxietsi barik, nabarmena da Euskal Herriko kaleetan euskara gero eta gutxiago erabiltzen dela.



Datuak ditugu froga gisa: Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketak argi azaltzen du beheranzko joera; 2006an %13,7, 2011an %13,2 eta 2016an, berriz, %12,6. Tolosan ehun urteren buruan lehen aldiz euskara gaztelera baino gehiago entzun denaren berri izan badugu ere, uste dugu bertako euskalgintzaren (galtzaundi euskara elkartearen) beharrarengatik dela eta ez dela inolaz ere Euskal Herri osora heda daitekeen tendentzia.



Edozelan ere, erabilerarekiko ageri dugun egonezina ez da apeta hutsa, ez eta umore txarreko hizkuntzalarien egoskorkeria. Biltzarrean izan genituen Mikel Zalbidek eta Olatz Altunak maiz agertu izan dute halako usterik komunikabideetan. Zalbideren aburuz hizkuntza baten osasun egoera jakiteko neurgailurik hoberena erabilera da. Altunak, bestalde, ohartarazi izan du erabilerak eragiten duela ezagutza eta ez alderantziz. Olatz Altunaren ikuspuntuak ederto adierazten du euskalgintzaren azken urteetako ajeak.



Erabileraren garrantzia zein tamainakoa den argudiatze aldera Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarraren teoriaz baliatuko gara. Fishmanek hizkuntzen desgerpenerako arriskuen zerrenda bat osatu zuen. Euskaraz zerrenda horri BAEN edo Belaun Arteko Etenaren Neurria deritzogu. Ingelesezko GIDS akronimotik eratorria. Soziolinguista estatubatuarrak BAEN   zerrendarekin, 1etik 8ra arteko sailkapenarekin, hizkuntza baten arrisku maila ahulenetik arrisku larrienerainoko neurgailu moduko bat eratu gura zuen. Lehengoak arrisku mailarik txikiena islatzen du: unibertsitatean, goi karguetan (aurrezki kutxetan, komunikabideetan) euskara presente ez egotea ez zaio hain larria iruditzen Fishmani. Zortzigarren arrisku maila, ostera, azken mohikanoarena da; hau da, hiztun solteak, sakabanatuak eta gehienbat zaharrak baizik ez dira geratzen, hiztun sarerik bakoak. 



Baina, jo dezagun harira. Fishmanen ustez BAEN zerrendako 6.mailatik 7.era igarotzeak piztuko lituzke euskararen alarma guztiak. Izan ere, 6.mailatik igarotzeak adierazten du aiton-amonek, gurasoek, seme-alabek denek euskara jakin arren; familian, lagun artean, auzoan nahiz kale bizitza hurbilean gero eta gehiago bizi direla erdaraz. Guk Fishmanen gomendioei men eginez, puntu honetan egiten dugu azpimarra eta bere ikuspegia ezagutarazi Argiako irakurleei. Zeren, euskara 7.mailara pasako balitz (zenbait eremutan hala ari da gertatzen) euskararen belaunaldi arteko trasnmisioa etengo litzateke eta soilik adinkide soil batzuen hizkuntza bihurtu. 7.mailako hiztun sare ahula izatetik, 8.mailako hiztun solte eta sakabanatuak izatera ez dago jauzi handirik.



Azken batean, Andoainen batu ginen hizkuntzalariok helarazteko duguna da norabidea aldatzeko beharra duela euskalgintzak: euskararen ezagutza eta eremu formala binomioa lantzetik, erabilera eta eremu informala lantzera.