                                                                                                         Donostia, 2021eko apirilaren 14an



Jaun-Andreak: 



Gutun honen bitartez EUSKAFIN elkartearen berri eman, eta zuekin bilera bat izateko eskaera egin nahi genizueke. EUSKAFIN izendatu dugun elkarte berriak, unibertsitateko eta euskal erakunde publikoetako pertsonez osatua dago, oraingoz. Azken urteotan euskal finantzei buruz dagoen ezjakintasun orokorraz larrituta, aurrerapauso bat eman nahi izan dugu, eta gure esperientzia eta ezagutza  herritarrei helerazteko nahiarekin elkarte berri bat sortu dugu.



Ezagunak dira Ekonomia Itunaren alorrean jardunean dauden beste-hainbat elkarte: Ad-concordiam eta Ituna, baita Pedro Luis Uriarteren gidaritzapean dagoen Itunaren Komunitatea ere. Gure elkarteak, haiekin elkarlanean aritu, eta elkarte horiek guztiek betetzen ez duten hutsunea bete nahiko luke. 



Tributu sistematik harago, Ekonomia Itunaren 2.tituluan arautzen den gai batean sakondu nahi dugu, finantza-sisteman hain zuzen ere. Honen barnean leudeke, Kupoaren kalkuloa, Estatuarekin adostutako doikuntza ezberdinak eta finantza-iraunkortasun eta aurrekontu-egonkortasunari buruzko araubideak. Izan ere, hauek guztiek eragin zuzena dute gure eguneroko bizitzetan, baina aldiz, gai ezezaguna da herritar ororentzat.



Aurreko urteko martxotik ari gara pairatzen Covid-19 izurriteak sortutako eragin anitzak: konfinamenduak, etxeratze-aginduak, ordutegi-murrizketak, e.a., hau dena, eguneroko intzidentzia tasa edo ospitaletako ZIUen egoera kontrolatzen saiatzen den bitartean, noski. Eta denek, agertoki ekonomiko korapilotsu bat ekarri dute gure artera.



Europak, pandemia iritsi eta berehala, finantza egonkortasunari dagozkien arauak bertan behera utzi zituen behinik-behin. Horrela, eta zorpetzearen bidez, Covid-19ari aurre egiteko baliabide ekonomikoak jartzen zituen estatuen eskura. Espainiak, hari jarraituz, erantzun berbera hartu zuen estatuko erakunde maila guztiei dagozkien defizit eta zorpetze helmugekin, eta erreferentziazko tasak ezarri zituen. Euskadik bere sistema bereziaren baitan, Ekonomia Ituneko Batzorde Mistoan adostu zituen bere erreferentziazko tasak 2020 eta 2021. urteetarako. 



Azken egunotan Europak, zorpetzean oinarritutako sistema hau eteteko eztabaida hasi du. Defizitaren kontsolidazio bide honetan, itundutako zergen bidez lortutako ohiko diru-bilketa ez da nahikoa izango urteko aurrekontua osatzeko, defizita jaisten den unean aurrekontua ere gutxitu egin behar baita. 



Zer-nolako akordioak egin beharko dira kontsolidazio honek zerbitzu publikoen mantenua baldintzatu ez dezan? Zeintzuk dira erabaki hauen ondorioak? Nola txertatzen dira erabaki hauek guztiak gure finantza-sisteman? Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna



Argi dago, zorpetzea, aurrekontu-egonkortasuna, finantza-iraunkortasuna, gastu-arauak, defizit helburua..., gure bizitzaren parte dira. Gure elkarteak badu eta izango du zer-esanik gai hauetan. Europak eta Espainiak hartzen dituzten erabaki finantzarioak gure bizimodua baldintzatzen dutela jakitun izanik, gure esperientzia partekatu eta gure elkartea euskal finantza sistemaren ezagutzaren erdigunean kokatu nahi dugu.



Besterik gabe, gure elkartea eta honen xedea sakontasunean eta modu zuzenean aurkezteko bilera eskaera onartuko duzutelakoan, jaso ezazue agur bero bat. 



EUSKAFIN elkarteko Lehendakaria.
