Hamarkada bat ikusezinak bezain ezinbestekoak diren emakumeei ahotsa ematen



Azken hamar urteotan, feminismoak bizi izan duen susperraldiaren nahiz loraldiaren lekuko izan da aldizkari hau, eta, aldi berean, isilduak izan diren emakumeen bozgorailu bilakatu da. Hamaika elkarrizketa eta iruzkin irakurtzeko parada eman digu, eta horiei esker, gure begirada zabaldu eta aberastu ahal izan dugu. Ale berezi honek historikoki ahaztuak izan diren zenbait emakumeren istorioak zein errealitateak jasotzeko asmoa du, eta batez ere, pandemian ezinbesteko bilakatu direnen lana goraipatzea du xede. 



Izan ere, alarma egoera ezarri eta oinarrizko langileen zerrenda osatu zuen Espainiako Gobernuak 2020ko martxoaren 30ean. Hartara, herritarren gehienek etxean geratu behar izan zuten; gutxi batzuek, ordea, lanean jarraitu behar izan zuten gainotzekoak bizirik irauteko. Funtsezko beharginen artean, baziren aldez aurretik gizartearen aitortza zutenak, osasun langileak edo suhiltzaileak, kasu; nolanahi ere, beste batzuk inoiz ez dira aintzat hartu, tartean, zaintzaileak, eta zehazki, etxeetan adinekoak artatzen zituzten emakume migranteak. Azken horiek izan ziren egun batetik bestera sozialki ikusezinak izatetik ofizialki ezinbesteko izatera pasa zirenak, baina euren lan baldintzek berdin jarraitu zuten, hutsaren hurrengo. 



Izurriteak, hain zuzen ere, inoiz baino nabarmenago utzi du behar-beharrezkoak diren lanak feminizatuenak, prekarizatuenak eta arrazalizatuenak direla. Jakina da emakumeek betidanik dohainik aritu direla lanean etxeetan, eta lan merkatura irten direnean, zaintza lanak beste andre batzuen bizkar gelditu direla, baldintza kaxkarrenetan. Horiek horrela, aurtengo Martxoaren 8ak zokoratuak izan ohi diren emakumeak jarri ditu erdigunean, bi ardatz argi definituta: batetik, zaintza lanen aldarrikapena, eta, bestetik, arrazakeriaren aurkako salaketa. Beraz, besteak beste, zaintzaile migratuengan jarri da fokua. 

 

Azken finean, feminismo intersekzionalak berebiziko garrantzia du, gure esperientziak ardatz ugarik zeharkatuta daudela ulertzen laguntzen baitigu: jatorriak, generoak, adinak, hizkuntzak, klase sozialak, hiriak edo landa eremuak. Ideia hori, dena den, ez da berria: 60ko eta 70ko harmarkadetako Estatu Batuetako emakume beltzen borrokatik dator. Arrazakeriaren aurka gizon kideekin batera aritzen ziren, baina jakin bazekiten patriarkatuaren ondorioak pairatzen ari zirela. Hitz bitan, erreprodukzio lanak ez dira konpondu ordaindutako lanekin. Silvia Federicci pentsalari feministaren hitzak oinarri harturik, kapitalak eta gobernuek ez dute segurtasunik ematen, nahiz eta ziurtatu soldateei esker gizakiok behar besteko baliabideak izanen ditugula. Horren adierazgarririk onena zaintzaile migratuen egoera dugu, langabezirako eskubiderik ere ez baitute. 



Azken hamarkadan, berdintasunaren bidean aurrerapausuak emanagatik, feminismoak oraindik badu zer hausnatu: emakume batzuen askatasunak ezin baitu inoiz beste batzuen esklabotza ekarri. Nire aburuz, osasun krisi hau aukera galdua izan da. Izan ere, oinarrizko langileen onarpen publikoa ekarri badu ere, benetako aitortza falta da, izan soldata duina ematea, izan eskubideekin babestua egotea. Nago zaintzen gaituztenak direla okerren zainduak daudenak.