Berria egunkariko kide agurgarriok:



Eskutiz honen bitartez, Euskal Herrian sortu berri dugun Ezagutza Begetarianoaren Elkartea aurkeztu nahi dizuegu; gai horren inguruan gurean dugun lehenengoa. Begetarianismoa euskal gizartean gero eta hedatuago dagoela ikusita, eta Berria euskaldunen artean erreferentziazko egunkaria izanda, EBEren asmo eta erronkak helarazi nahi dizkizuegu, ezagutu gaitzazuen.



Hasteko, geure burua aurkeztuko dugu: alor publikoko eta pribatuko 26 euskal zientzialari gara; batzuk begetarianoak, beste batzuk, ordea, ez. Nolanahi ere, guztiok elikadura begetarianoaren inguruko ikerketetan ari gara lanean eta elkartea sortzeko beharrizana ikusi dugu; izan ere, arestian aipatu bezala, euren dieta produktu begetaletan oinarritzen duten herritarren kopurua hazten doa. Hala, egin berri dugun inkestaren arabera, Euskal Herriko herritarren % 11 da begetarianoa; XXI. mende hasieran, berriz, soilik % 2k onartzen zuen ez zuela animalia jatorriko produkturik kontsumitzen. Beraz, bizkor ari da hazten begetarianismoa euskal gizartean, bereziki, gazteen artean. Ditugun datuen arabera, arrazoi desberdinengatik da; edonola ere, ingurumena, animaliei ematen zaien tratua eta osasuna dira gehien aipatzen direnak.



Gauzak horrela, EBEren helburu nagusia mundu mailan egiten ari diren ikerketa guztiak bildu, aztertu eta ondorioak plazaratzea da; baita begetarianoen beharrizanei erantzutea ere. Hain justu, azken horri helduz, Euskal Herrian begetarianismoaren inguruan inoiz egin den ikerketarik zabalena kaleratuko dugu datorren astean: 2.700 begetariano elkarrizketatu ditugu, eta horietatik 1.448ri hilabeteko jarraipena egin diegu euren ohiturak ezagutzeko eta dauden gabeziez ohartzeko. Ikerketa zabala den heinean, ondorioak ere asko dira, eta, horregatik, atalka prestatu ditugu -besteak beste, osasun arloan jasotzen duten arreta, ingurumenean duten eragina eta gizartean duten presentzia-, eta hilabetero, txostenetako bat argitaratuko dugu.



Datorren asteko atalari dagokionez, Berria egunkarian jorratzeko informazio interesgarria dela deritzogu. Bai ikerketaren datuak eta baita horiek sortu ditzaketen beste informazio ugari ere. Lehen txostenaren ondorio nagusia hauxe da: Osakidetzak eta Osasunbideak ez dituzte begetarianoak aintzat hartzen, alegia, gure osasun sisteman ez dute edozein pertsonak merezi duen arreta jasotzen. Horren adibide garbia da, 10 begetarianotik 9k adierazi dutela familia medikuek ez dietela behar bezala artatzen. Azaldu dutenez, esaterako, odol-analisiak eskatzerakoan, sendagileak ez daki begetariano baten kasuan B12 bitamina modu berezian aztertu behar dela; bitamina hori baita begetarianoek, begetariano izateagatik, duten gabezia bakarra. Osasun-langileari zer adierazle begiratu behar dituen adierazi behar izaten diotela salatzen dute gehienek, B12a begiratzea nahikoa ez delako; tartean, homozisteinari erreparatzea ezinbestekoa da gabeziarik badagoen konturatzeko. Eta horretaz ez jabetzea, hil ala bizikoa izan liteke. Hala ere, oraindik ere, osasun alorreko langile gehienek landu ez duten alorra da begetarianismoa.



Aipatutakoa, datorren astean sakonduko dugun ikerketaren zati txiki bat besterik ez da. Gainerakoan, datuez haratago, iritzi-artikuluak, elkarrizketak edota erreportajeak prestatzeko beta dagoela uste dugu. Zuen eskura gaude informazio gehiago emateko edo jorratzeko dauden aukerei buruz hitz egiteko. Gainerakoan, elkarteko kide guztiak ere prest gaude behar denean laguntzeko.



Aurrerantzean, harremanetan jarraituko dugulakoan, erantzunaren zain geratzen gara. 



Harremanetarako kontaktua:



Aldez aurretik, eskerrik asko.



                                                                                Adeitasunez, 

                                            Ezagutza Begetarianoaren Elkartea
