HEZKUNTZA



Irakurle arretatsu horri, begirunez.



2020ko uztailaren 16an, larunbatarekin, Donostiako Miramar Jauregian, UEUko Lehen Hezkuntzako IV Pedagogia Topaketak burutu genituen. Irakaslea: hornitu, lagundu... zertan eta zelan eragin? lelopean.

Betiko Ikastolako pedagogia lantaldeak Topaketa hauetan aritzeko aukera izan genuen. Bertan jasotakoa laburbiltzeko eskaria luzatu diogu Argia astekariari. Bai eta onartu ere.

Hartara gatoz.



Irakaslearen papera ez da kontu xamurra. Gure jardunbideak gogoeta ugari ekartzen dizkigu. Zer gara, eduki hornitzaileak? Ikasketa prozesu batean laguntzaileak? Bidaikideak?

Non eragin behar dugu, edukietan? gaitasunetan? bietan?

Zeinek behar du izan pisu gehien? Nola transmititu behar dugu, zuzentasunetik? akatsen onarpenetik? Gertatzen itxi behar dugu ala gertatzeko eragin?

Galdera potolo asko. 

Goazen, galderen haritik, bertan bildutakoa jorratzen.



Irakaskuntzan, gizakiak langai eta helburu duen alorra izanik, korronte bi nagusitu dira azken urte hauetan.

Guk horrela definituko genituzke:

- Induktiboa

- Deduktiboa



INDUKTIBOA:

Edukia da garrantzitsua. Edukiaren transmisioa, alegia. Etapa bakoitzari dagokion edukiaren jabe izan behar du umeak. Edukiok eta bere transmisioa, baina, umeen garapen kognitiboari lotuta daude. Hots, umearen garapen kognitiboak zehaztuko digu jasoko duen edukia, eduki honek izango duen sakontasuna eta eduki hau jasotzeko era ere bai. 

Umea, edukiz jantzi edo hornitu behar dugun gizaki legez irudikatzen dugu. 

Gure lorpena, aukeratzen ditugun edukietan ez eze, transmititzeko baliatzen ditugun modu eta garaien egokitasunean ere legoke. 

Irakasleon eraginkortasuna, beraz, baliatzen ditugun moldeetan eta aukeratzen dugun unearen arabera baldintzatua egongo da.



DEDUKTIBOA:

Edukia ez da desagertzen baina, garrantzitsua, norbere gaitasunen garapena da. Kontestuak sortzen ditugu. Kontestu aldakorrak, non edukia, zeharkako ibilgailua bilakatzen da norbere bide propioa jorratzeko. Iradokitako kontestuek ebazpen aukera ezberdinak lukete, gizaki hainakoak. Garapen kognitiboarekin batera, kontestu hauek ere zailtzen joango lirateke. Ez da bilatzen jakintza arlo batean aditua izatea, norbere gaitasunak identifikatu eta horiek baliatzea da korronte honen oinarria.



Eremu bi hauek erreferente gisara baliatu genituen aipatu topaketetan. Bakan batzuk, korronte baten edo bestearen aldarri sutsua luzatu zuten. Gehienok, baina, korronte bien beharizanaz aritu ginen. Adibide on asko jasotzeko aukera izan genuen.

Lore Erriondok, berbarako, ikaslea ezkur batekin parekatu zuen. Ezkurra, Haritz sendo bat izateko baliabide guztien jabe da. Kontestuak baldintzatuko du bere bilakaera. Lur ondo ongarrituak, hezetasunak, tenperatura egokiak eta enparauek modu bateko edo besteko Haritza egingo dute. Baina ezkurrari ez zaio ezer uztartu behar, behar duen guztia du.



Ideia honek kateatu gintuen. Eta testuinguru honetan kokatzen dugu guk ere gure irakasle jarduna. Irakasleok, edukion ezagupen adimentsua izan behar dugu, ezin baitugu umea kutxa huts soil legez hartu, aldez aurretik ezer ez balego bezala. Umeak, izan, badu. Gure lana bere gaitasunak arakatu, ezagutu eta garatzeko kontestua sortzea litzateke. Eta, zer egin honetan, unean-unean behar dituen edukiak transmititzen jakitea.



Horretan datza gaur egungo irakaskuntza: edukien jakintza eta gaitasunen garapenen arteko orekan.




Betiko Ikastolako pedagogia lantaldearen izenean
