Ura gure planetako bizitza bermatzeko oinarrizko baliabidea da; Lurraren ia bi heren osatzen ditu, eta Lurreko ibai, aintzira, ozeano zein organismo bizidun guztien osagai nagusia da.



Ura gizakion gurputzaren ehuneko handi bat izateaz gain, gizakion bizi funtzioak betetzea ahalbidetzeko derrigorrezkoa da, esaterako: metabolismoan sortutako hondakinak kanporatzen ditu, toxinak barne; giltzurrunen funtzio egokia ahalbidetzen du eta gure gorputzean gertatzen diren erreakzio biokimikoak ur ingurunean izaten dira. Hori horrela, gizakion eguneroko dietaren parte garrantzitsua ere bada. Ondorioz, Nazio Batuek eta Munduko Osasunaren Erakundeak ura gizakion oinarrizko beharrizan bezala onartu zuten, eta eskubide batzuk ezarri. Alde batetik, gizaki orok du bere egunerokotasunean ura eskuragarri izateko eskubidea, beharrizan pertsonaletarako zein etxekoetarako. Ur horrek, gainera, giza kontsumorako segurua izan behar du, eta bere ezaugarri organoleptikoak onargarriak izan behar dira. Uraren jatorria zein den, bere osaera aldatu egingo da, eta, horrekin, baita bere ezaugarri organoleptikoak ere: Azaleko urek, adibidez, mikroorganismo eta patogeno ugari izan ohi dituzte; ura haraztean deuseztatu egiten dira, baina horien ondorioz sortutako bigarren mailako metabolitoak geratu daitezke, adibidez, geosmina eta 2-metilisoborneol (urari lur, lizun zein hezetasun usaina eman diezaiokete); Lur azpiko urak, bestalde, mineraletan aberatsak dira, eta lurzoruaren ezaugarrien arabera, mineral horiek desberdinak izaten dira. Urak dituen mineralak zeintzuk izan, uraren zaporea bat ala beste izango da. Azkenik, euri urak dauzkagu; kutsaduraren ondorioz atmosferan dauden gai kimikoak izan ohi dituzte, eta gas, hidrokarburo edo gasolina usaina eman diezaiokete.



Gizakien oinarrizko eskubide horiek bermatu nahirik, Espainian hainbat arau onartu dira. Egungoena 2018ko uztailaren 20ko Errege Dekretua da, giza kontsumora bideratutako uren kalitatea bermatuko duten irizpideen ingurukoa. Errege Dekretu horrek giza kontsumorako uren osasun irizpideen inguruko 140/2003 Errege Dekretua deuseztatu zuen. Horren ondorioz, ura hornitzen duten enpresei ordura arte kontrolatzeko derrigortasunik ez zuten parametroak kontrolatzeko premia sortu zitzaien; horien artean, zaporea eta usaina. Ondorioz, ustez zapore eta usainik ez duen gai bati bi parametro horiek neurtu beharko zizkioten. Ordutik, behar-beharrezkoa izango da uren kalitate kontrolak burutzerakoan ordura arte erabili ez zen metodologia bat aplikatzea: analisi sentsoriala. 



Analisi sentsoriala edo zentzumen bidezko analisia giza zentzumenez baliatzen den zientzia da. Horretan aritzen direnek, hamaika aldiz entzun behar izan dute analisi sentsoriala ez dela zientzia fidagarria. Emaitzak lortzeko gizakien zentzumenez baliatzen denez, emaitza horiek aldakorrak izan daitezkeelako. Argudio horrekin, askotan utzi nahi izan dituzte zientziaren esparrutik kanpo. Analisi sentsorialak, hala ere, gizakien zentzumenen desbiderapen horiek minimora murriztea posible dela eta arlo hau elikagaien kalitate kontrolerako beharrezkoa dela frogatu du. Gaur egun, zorionez, garrantzi hori onartuta dago bai elikagaien industrian, eta baita zientziaren komunitatean ere. Garaipen horretan ezin dugu alde batera utzi bere ibilbidearen 10 urteetan Zentzumen aldizkariak izan duen garrantzia, analisi sentsorialari bultzada emateko egin duen ahalegina izugarria izan baita. Zentzumenek arlo horretan aritzen direnen indarrak batu ditu, eta horien guztien ikerketa eta dibulgazio lanei hegoak eman dizkie lau haizetara gizartera zabalduz.