Lehenengo eta behin, agurtu nahi ditugu aurreko urteetako ikasle guztiak, eta, era berean, ikasle berriei ongietorria eman. Gauza jakina da azken urtean ezin izan genituela gauzatu diseinatuta geneuzkan proiektu guztiak, finantziazio falta dela eta. Espero dugu, aurten, halakorik ez gertatzea.



Aurtengo proiektu berrien artean bat nabarmendu nahi dugu. Orain dela hiru aste, gutxi gorabehera, foru aldundiekin hitzarmen bat sinatu genuen, haiekin batera iruzur fiskalari buruzko proiektu bat abian jartzeko. Proiektuak hiru helburu izango ditu: lehenengoa, inkesta baten bitartez ezagutzea iruzurrak zer nolako garrantzia duen herritarrentzat; bigarrena, adierazle makroekonomikoak erabiliz iruzurraren zenbatekoa zenbatestea, eta, azkenik, iruzur fiskalaren aurkako neurriak proposatzea. Geure aburuz, proiektuari heltzeko modurik eraginkorrena da lan taldeak sortzea helburua kontuan izanda



Ikasle guztiek izango duzue aukera proiektu horretan parte hartzeko. Norberak erabaki beharko du zer arlotan aditu bihurtu nahi duen, eta horren arabera aukeratu zer lan taldetan kokatu.



Azken urteotan, krisialdi ekonomikoaren eta iruzur fiskalaren ondorioz, euskal administrazioen zerga bilketak nabarmenki behera egin du, %20 hain zuzen ere. Gogora dezagun zergak direla sektore publikoaren sarrera iturri garrantzitsuena; izan ere, zergen bidezko diru sarrerak sarrera publiko guztien % 80 dira. Gainerako %20a zorraren bitartez eta Europako funtsen bidez lortzen da. Hortaz, iruzurrak administrazioen gastatzeko ahalmena murrizten du. 



Horretaz gainera, ekitateari eta zerga sistemaren sinesgarritasunari eragiten die.



Ekitatearen ikuspegitik, gogora dezagun gure zerga sistema zergadunen ahalmen ekonomikoan oinarritzen dela, eta hainbat printzipio dituela gidari; besteak beste: orokortasuna, berdintasuna, justizia, progresibitatea, zama tributarioaren banaketa egokia...



Iruzur fiskalak printzipio konstituzional horiek urratzen dituen heinean onartezina da.



Sarrera eremuan ez ezik gastuen eremuan ere ekitatea urra dezake. Ezin dugu ahaztu, gaur egun, hainbat prestazio publiko jasotzeko (bekak, etxebizitzarako laguntzak, etab.) ogasunari aitortutako errentak aintzat hartzen direla. Beraz, iruzurgileak benetako errentak aitortuko ez dituenez, lortuko ditu merezi ez dituen prestazioak.



Zerga sistemaren sinesgarritasunaren aldetik, kontuan izan behar dugu iruzurra orokortzen denean litekeena dela zergadun zintzoek, ahal izanez gero, iruzurgileekin bat egitea: elur bola baten antzera jokatzen du; eteten ez baduzu gero eta handiagoa egiten baita.



Aurreko guztia gutxi balitz bezala, iruzurrak enpresen arteko lehiakortasunean ere distortsioak eragin ditzake. Enpresa batek dagozkion zergak ordaintzen baditu, eta bere sektorean diharduen beste enpresa batek zerga betebeharrei zirkin egiten badie, bigarrenak lehenengoaren bizkarretik irabaziko du lehiakortasuna, eta, nahi izanez gero, produktuak merkatuan merkeago salgai jartzeko aukera izango du.



Iruzur fiskalak gizartean dituen ondorio larriak ikusita, gizartearen eragile guztiok bat egin behar dugu jokaera horri aurre egiteko. Euskal Herriko Unibertsitateak ahalegin berezia egin behar duela uste dugu; izan ere, unibertsitatearen zeregin garrantzitsuenetako bat da herritar guztien aukera berdintasuna bermatzea. Iruzur fiskalak unibertsitateak beharrezkoak dituen baliabide ekonomikoak arriskuan jartzen ditu, eta ikasle aberatsen eta pobreen arteko arrakala ekonomikoa zabaltzen du. Horrexegatik, espero dugu zuen parte-hartzea gizarte bidezkoagoa lortze aldera.