Hamar urte dira aldizkaria hau abian jarri zela eta, urteurren borobil honetan, beste erronka bat, beharbada borobilagoa, ekarri nahi izan dugu gogora: munduko lehen bira.



500 urte dira euskaldun batek, Juan Sebastian Elkanok, lehen aldiz munduari buelta eman ziola, eta munduari buruz genituen hainbat ikuspegi aldarazi zituela. Bidai hark lurra borobila zela egiaztatu zuen eta baita nabigatzeko bide eta itsaso berriak topatu ere. Hiru urte luze iraun zuen abenturak, eta makina bat gora-behera eta estuasun jasan zituzten espedizio-kideek. Esan bezela, ez zen nolanahiko erronka izan, 270 lagun atera ziren Sevillatik , eta horietatik 18 lagun baino ez ziren itzuli, Elkano buru zutela. Baina, getariarra ez zen hasieratik agintean izan, Fernando Magallanes baizik, berea baizen proiektua.  Portugaldarrak bost itsasontziz osaturiko flotarekin ekin zion 1519 ean gerora mundu osoan ezaguna egin zen balentriari. 



Dena den, ezer baino lehen, komenigarria litzateke argitzea zeintzuk izan ziren bidaiaren benetako xedeak: batetik, Espezieen uharteera joateko bide berri bat bilatzea. Gogoratu behar dugu garai haietan espezieak oso estimu handian zituztela, eta Europa osoan urrea baino garestiago ordaintzen zirela. Arazo bat zegoen, ordea, ordu arte ezagutzen zen bide bakarra portugaldarren menpe zegoela, eta Gaztelako itsaontziek ezin zutela hortik nabigatu. Eta bestetik, hainbatetan entzunda zuten Amerikako kontinentea zeharkatzeko pasoa topatu nahi zuten; susmo txiki batzuk bazituzten, baina ezezaguna zen erabat.



Gauzak horrela, Sevillan ondo hornitutako itsasontziak, lehenik Sanlucar de Barramedara eta handik Canariar uharteetara abiatu ziren, Atlantikoko zeharkaldia egin aurretik. Lehen helburua Amerikako kontinentea zeharkatzen lagunduko zien bidea topatzea zen. Zeregin horretan urtebete pasa zuten, eta garesti ordaindu: itsasontzi bat hondoratu zen eta beste batek desertatu. Gainontzekoek, guztiz ezezagun bezain handia zen itsasoari, aurre egin zioten, Pazifikoari. 



Goseak eta gaitzek jota Filipinetara iritsi ziren, bidean hainbat gizon hil ostean. Irletan aldiz, atseden hartu eta bertakoekin harremandu ziren. Magallanesentzat, baina, bidaia amaitzear zegoen; bertako biztanleekin izandako liskar bortitzetan hil egin zuten. Tripulazioak, orduan, Juan Sebastian Elkano kapitain izendatu zuen eta, hortik aurrera, berea izango zen espedizioaren ardura. 



Filipinak atzean utzi eta, une askotan nora joan jakin gabe, iritsi ziren Moluca irleetara, alegia, Espezieen irletara. Hortaz, bigarren helburua ere beterik zuten, ibilbide berri bat irekia zuten hain preziatuak ziren jakietara iristeko. Pozteko modukoa bazen ere, oraindik bidai haren zatirik zailena osatzeko zegoen, itzulera.



Itsasontzietako bodegak bete eta Indarrak berreskuratu ondoren nondik nora joan erabaki beharra zuten: etorritako bide beretik, hau da, ibilbidea atzeraka eginez, edo, uste zuten bezela, mendebalderantz nabigatuz munduari buelta ematen. Lehenegoa, ezbairik gabe, ezaguna eta latza zen, eta  bigarrena sekula egin gabekoa, neurtu ezinezko arriskuak zituena. Jakina, Elkanok bigarrena hautatu zuen, eta arriskuz eta zorabioz beteriko bederatzi hilabete egin eta gero Sanlucar de Barramedara iritsi zen abentura amaituz eta lehen mundu bira osatuz.
