Gizarte langintza (Gizarte Zerbitzuak)



Zein da bakarrik dauden adingabe atzerritarren etorkizuna?



Azken urteotan asko dira Euskal Autonomia Erkidegora bakarrik iritsi diren adingabe atzerritarrak. Ba al dakigu nortzuk diren eta zergatik edo zertara datozen? 1997ko uztailaren 19ko Europar Batasuneko 97/C/221/03 Epazpenaren arabera, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak 18 urte bete ez dituzten gazteak dira, heldu baten zaintzapean ez daudenak. Oro har, jatorrizko herrialdetik aukera berriak bilatzeko asmoarekin irtetzen dira, helmuga duten herrialdeak bizi baldintza hobeak eskainiko dizkielakoan. Errealitatea, ordea, gaur egun ez da horren parekoa.



EAEn adin txikikoak pertsona heldu baten ardurapean ez daudenean, babesgabetasun egoeran daudela ulertzen da. Horrenbestez, ezinbestekoa da Gizarte Zerbitzuen esku hartzea. Arabako Lurralde Historikoan Foru Aldundiaren eskumena da babes gabezia artatzea. Aitzitik, asko dira Gasteizko Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuak urtean zehar jasotzen dituen gazteak; izan ere, 24 orduko eta urtean 365 eguneko zerbitzua eskaintzen du. Foru Aldundiak, berriz, astean zehar eta goizeko ordutegian besterik ez du lan egiten.



Gasteizko Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuko Gizarte langilea naiz, eta bakarrik dauden adingabe atzerritarren egoerak inoiz baino gehiago kezkatzen nau, baita nire lan taldea ere. Egia bada ere Koronabirusaren pandemiak adingabeen mugimendua moteldu zuela martxoa eta maiatza bitartean, geroztik astean batez beste 4 adingabe atzerritarrekin esku hartu dugu. 



Baliabide pertsonal zein materialak mugatuak direla jakinda, nola eskainiko diegu merezi duten babesa? Hirian harrera baliabide bakarra dugu zabalik bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzat: Bideberria Berehalako Harrera Zentroa, hain zuzen ere. Gauzak horrela, zerbitzuaren plazak ia bikoiztu behar izan dira azken hilabeteotan. Bertan lanean diharduen talde profesionala, jakina, ez da handitu. Beraz, bai, ostatu eta mantenu zerbitzuak mantendu dira. Oinarrizko beharrak asetzen jarraitu da. Baina zein prezioren truke? 



Harrera baliabideko Gizarte hezitzaile, integratzaile eta langileak gainezka egin beharrean daude, egoerari ezin eutsian. Ondorioz, adin txikikoen ongizatea eta etorkizuna dira kaltetuenak. Gaztaro erabat instituzionalizatua bizi dute, eta, hori gutxi balitz moduan, Gizarte Zerbitzuetako profesionalok ezin dugu bermatu gertuko eta banakako esku hartze plan pertsonalizatuak diseinatu eta aplikatzea adingabe guzti horiekin.



Ezin da egoera hau denbora gehiagoz sostengatu: lehenik eta behin, ezinbestekoa delako adin txikikoen oraina zaintzea, eta etorkizunean modu autonomoan jardun dezaten herramintak garatzen laguntzea. Bigarrenik, ez direlako profesionalon lan baldintzak errespetatzen ari. Jarduteko orduak areagotzen ari dira, eta, nola ez, lanaren kalitatea oztopatzen.



Erlojua ez da eteten. Asteek aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira Gasteizen babesa eta etorkizun duin bat bermatu ezin diegun gazteak. Aski da! Euskal Gobernuari nahiz bestelako Erakunde publikoei lehen bait lehen egoeraz jabetzea eskatzen diegu gizarte arloko profesionalok. Denon erantzukizuna da egunez egun okerrera doan errealitate hau konpontzea. Botere publikoena da neurriak hartzeko beharra. 




Gasteizko Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuko Gizarte langilea

Gasteiz, 2020ko irailaren 29a
