(Jakintza-arloa: psikologia)



                            TXIKIENENTZAT BABES HANDIENA



          Haurren egonkortasun emozionala bermatzea ezinbestekoa dela guztiz barneratuta dugu psikologiaren ezagutza-arloan, oinarrizko behar hori ase ezean izaten diren ondorioak etengabe ikusten eta aztertzen baititugu. Aitzitik, gai horren garrantzia diziplina guztiek aintzatestea ezinbestekoa da, alor guztien elkarlanak esku-hartze eraginkorrena garatzea ahalbidetuko baitu.



         Askotan haurren ongizatearen alderdi jakin bati muzin egiten zaio, korapilatsuena izango delako aurreiritzia partekatzen denean, batik bat, baina haurrek merezi duten babes holistikoa eskaini ahal izateko epaiketa kontziente eta inkontziente guztiak alde batera utzi behar dira. Hain zuzen ere, seinaren osasun psikologikoa da baztertzen den alderdia, nahasmendu mentalen inguruan sekulako estigma baitago oraindik.



         Zoritxarrez, nahasmendu mentalen bat pairatzen duen edozeinek jasan behar izaten ditu epaiketa eta gaitzespen mingarriak, adin-tartea zeinahi dela ere. Alabaina, haurren zaurgarritasunean ardazteko arrazoia adin-tarte horren sinesgarritasun mugatua da. Izan ere, haur batek arazo edo narriadura mentalaren zantzuren bat azaltzen duenean adin-tartearen adierazgarri den imajinazioaren ondorio dela edo denboraren poderioz gaindituko den oztopo bat besterik ez dela esanez arintzen da egoera. Psikologo ugarik frogatu duten bezala, haur batek arazo bat komunikatu ondoren erantzun desegoki bat jasotzeak helduaroko komunikazioan eragin kaltegarria du, gizarteak ezartzen dituen lotsa eta beldurra barneratuko baititu, etorkizuneko irekitasun emozionala oztopatuz.



         Halaber, haurraren garapena arlo guztietan egokia izango dela ziurtatzeko esku-hartzearen hartzailearen bizitzako esparru guztietan sortu behar da irekitasun emozionaleko eta laguntza baldintzagabeko giro abegikor bat: osasun-esparruan mediku eta psikologoekin, eskola-esparruan irakasleekin, familia-esparruan gurasoekin eta esparru sozialean lagun eta gelakideekin. Familia-esparruan amarekin komunikazio aske hori bermatzea bereziki garrantzitsua da, John Bowlby psikoanalistak atxikimenduaren teorian azaldu zuen bezala, amarekin izandako elkarrekintzen ondorioz haurrak garatzen duen atxikimendu motak bizitza guztian zehar garatuko dituen harremanetan berebiziko eragina izango duelako, besteak beste.



         Arestian aipatutako atxikimendu motei dagokienez, auzi horrek haurraren etorkizunean duen eragina datu zientifikoekin frogatuta dagoela aipatu beharra dago. Hasteko, atxikimendu ziurra garatuz gero harreman eta interkazio sozial guztiak gogobetegarriagoak izango direla Bowlby-ren teoriaren oinarrian koka daiteke, aditu guztiak ontzat hartzen baitute. Aitzitik, atxikimendu mota ez-ziur bat (ekiditzailea, anbibalentea edo desantolatua, amak bizitzako lehenengo hilabeteetan emandako arretaren arabera) garatuz gero, komunikazio emozional murritzagoa eta harremanen egonkortasunaren pertzepzio ezkorragoa izan ohi dira. Horrez gain, atxikimendu mota ez-ziurra dutenen %70ak depresioa pairatu



         Bestalde, amaren eta haurraren arteko harreman sendo bat finkatu ondoren, familiaren eta eskolaren arteko harremana ere sendotu beharko litzateke bederen. Izan ere, zenbat eta esparru gehiagoren arteko koordinazioa eta elkarlana kudeatu, orduan eta egonkorragoa izango da haurraren emozionalitatea. Horrela, gizartea ezkutatzen saiatzen den arazoren bat pairatzean ere, haurrak irekitasun osoz eta epaitua izateko beldurrik gabe jakinaraziko ditu bere ingurukoak, arazoaren garapena geldiaraziz eta konponbidearen bilaketa arinduz.



Nolanahi ere, esku-hartze multidiziplinar hori beharrezkoa izan ez dadin prebentzioak rol garrantzitsua jokatzen du. Izan ere, banakako mailan lan egitetik ikuspegia gizarte globalera zabalduz gero, gizaki sentikorrak garen heinean merezi dugun babes eta laguntza psikologikoa normalizatuz gero, arazo handi hau ez dute txikienek ere jasan beharko.
