ATMOSFERA, ZAINDU BEHARREKO ALTXOR BAT



Nork esango liguke begi hutsez ikus ezin daitekeen eta ukimenez senti ezin daitekeen gauza garrantzitsua izango zenik. Bada, horrela da, atmosferaren hein handiena gardena eta zentzumenekiko hautemanezina izan arren, biziaren garapenerako ezinbestekoa da. Atmosferarik ezean, nekez idatzi ahal izango nituzke eskuartean dituzun lerro hauek; izan ere, eguzkitik iritsiko zitzaigun erradiazio maila altuak eta jasan behar izango genituzkeen tenperatura aldaketa bortitzek, nire zein beste edonoren gorputza kiskaliko lukete. 



1. Atmosfera

Sarri askotan, gure solasaldien hizpide izan ohi da atmosfera; ahatik, denbora faltak eraginda, gutxi izan dira berau sakon aztertzeko izan ditugun abaguneak. Hain justu ere, horretarako astia izango dugu jarraian. 



   1.1. Zer da atmosfera

Grabitate indarrari esker, Lurraren inguruan atxikita aurkitzen den gas geruza da. Bi dira atmosfera osatzen duten gas nagusiak: nitrogenoa eta oxigenoa. Hauek atmosferako bolumenaren %78a eta %21a hartzen dute hurrenez hurren. 



   1.2. Zergatik da garrantzitsua atmosfera?

Atmosferari esker, negu minean, tenperatura brastakoan jaistea ekiditen da. Atmosferaren baitan aurkitzen den troposfera izeneko geruzan aurkitzen diren negutegi-efektuko gasak dira hain justu ere horren erantzule. Izan ere, gas hauek lurrazal igortzen dituen izpi infragorriak xurgatu eta hauek kanpo-espaziora ihes egitea saihesten da. Horrela, urteko sasoi ezberdinetan zehar Lurraren tenperatura egonkor mantentzea lortzen da. Oreka fisiko-kimikoen bitartez, naturak gas hauek kontzentrazio egokietan mantentzeko joera du. Alabaina, giza jardueraren ondorioz, azken hamarkadetan oreka horiek eten egin dira; eta zoritxarrez, dagoeneko pairatzen ari gara horren ondorioak (aurrerago irakurri ahal izango dituzu ondorio horien zehaztasun gehiago).



Horrenbesteko artegatasuna sortzen duen minbizitik ere babesten gaitu atmosferak. Atmosferan bertan aurkitzen den estratosfera geruzak ozonoa du osagai nagusi. Gas honek, gure azaleko osasunari hain era bortitzean erasaten dioten izpi ultramoreak xurgatzen ditu. Era honetara, eguzkitik datozen izpi hauen gehiengo atmosferak filtratzen ditu eta ez dira lurrazalera iristen. 



2. Kutsatzaileak atmosferaren etsai

Erregai fosilak energia iturri moduan erabiltzen dituzten prozesuen edota industrian ematen diren erreakzio kimikoen ondorioz, atmosferaren funtzionamendua asaldatzen duten zenbait gas igortzen dira atmosferara. Aurretik aipaturiko negutegi-efektuko gasak esate baterako, izaki bizidunontzat onuragarriak izan daitezke planetako tenperatura egonkor mantentzen laguntzen dutelako. Arazoa, ordea, hurrengoa da: azken hamarkadetako eredu ekonomikoa karbonoan aberatsak diren baliabideen kontsumoan oinarritu da, eta ondorioz, karbono dioxido, metano eta enparuen kontzentrazioa nabarmen emendatu da atmosferan. Gas hauen emendioak era berean, planetako bataz besteko tenperaturaren igoera ekarri du. Hemendik dator hain justu ere, azkenaldian bolo-bolo dabilen eta gertutik pairatzen ari garen klima-aldaketa. 



Bada, ordea, dagoeneko ahaztua dugun baina 90. hamarkadan buruhauste ugari ekarri zizkigun beste osagai kimiko bat: kloro-fluro-karbonatuak (CFC deritzenak) espreski. Gas hau bereziki arriskutsua da, estratosferara iristean bertan aurkitzen den ozonoarekin erreakzionatu eta berau suntsitzen baitu. Arazo hau bere garaian gainditutzat jo genuen arren, ezin esan liteke gas honen arriskua behin betiko ahatz ahal dugunik. Hori ondoriozta daiteke gutxienez, Nature aldizkariak argitaratu dituen azken ikerlanetatik; CFC izeneko gas hauek kezkatzeko moduko kontzentrazio igoerak izan dituztela aditzera eman baitute.



3. Etorkizuna gure esku

Agerikoa da alderdi politiko eta erakunde ezberdinak ezin ados jarri dabiltzala kutsatzaileen igorpenak murrizteko adostasunezko gutxiengo batzuetara iristeko; zatituta eta elkarri mokoka ari baitira azkenaldian.