Zuzenbideko ikaslea.



Europar Batasunak europar identitatea bultzatzeko asmoarekin sortu zuen Erasmus programa, orain Erasmus+ bezala ezaguna dena. Europarlamentariek pentsatzen zuten gazteei bidaiatzeko eta elkar ezagutzeko aukera emanez gero europarekiko identitate sentimentua ere indartuko zela. Gaur egun, arrakasta handiko programa da, urtero milaka ikaslek izena ematen dute eta itxaron zerrenda luzea sortzen da, denak parte-hartzeko irrikitan. Aldi berean, gero eta gehiago dira programa honi egiten zaizkion kritikak.



Aditu askok defendatzen dute hogei urte ostean, Europar Batasunaren, hemendik aurrera EB, hauteskundeen parte-hartze datuak ikusita Erasmus ez dela bere helburua lortzen batere arrakastatsua izan. Kontuan hartu behar da kostu handiak sortzen dituela programak, ikasle bakoitzarentzako diru-laguntzaz gain, hainbat funtzionario daude programa hau aurrera ateratzeko lanean. Era berean, azken urteetan gero eta indar handiagoa dute euroeszeptikoek, hau da, EBren kontra daudenak. Honen adibide argia Britainian Handian azken urteetan egon diren barne gatazkak dira. Urteak iraun dituen eztabaida politikoaren ostean, estatu eta batasunaren arteko adostasunik gabeko irteera bat emango da. Eszeptikoek gogor kritikatu dute Britainia Handiak programan hain aktibo jardun ostean, bai ikasle helmuga bezala, bai ikasleen partaidetza kopuru aldetik, gazteen bozkak ez direla erabakigarriak izan EBren parte izaten jarraitzeko.



Beste aldetik, badira gaiaren inguruan bestelako ikuspuntua duten adituak, zeintzuen ustetan ez da nahikoa jakintza teknikoa izatea. Haien arabera, etorkizuneko mundu globalari aurre egiten dioten langileak hezi nahi baditugu beharrezkoa da gazteak biziko duten errealitatearekin ahalik eta lasterren kontaktuan jartzea. Ezin ditu inork aurreikusi hogei urte barru egongo diren lanpostuak, ez eta zein ezaugarri eta trebezia beharko diren hauek betetzeko. Edonola ere, susmoa badago etengabeko formakuntza eskatuko duten lanpostuak izango direla gehienak, haietan poliglotak diren eta bidaiatzeko prest dauden langileak lan egingo dutela. Horregatik, unibertsitateko ikasleen formakuntzaren barne, aukera ezin hobea da jatorri hain desberdineko ikasleak biltzen dituen programa hau. Partaideak beraientzat naturala den ingurunetik atera eta elkarrengandik ikasteko aukera izango dute, ez bakarrik beraien arloko materiari buruz, gainontzeko kideen kultura eta bizitza estiloari buruz. 



Osasuntsu dauden enteetan bakarrik dago eztabaida eta kritikarako tartea. Hortaz, ona da garai batean hartu ziren erabakiei buruzko hausnarketetarako tartea zabaltzea. Horrela, galdera zuzena izango balitz, Erasmus programak europar identitatea indartu du partaideen artean? kasu gehienetan erantzuna baiezkoa izango litzateke. Orain, Brexitarekin gertatu den bezala identitateen arteko talka gertatzen denean, zortzi hilabeteko egonaldia eta diru-laguntza bat baino gehiago beharko dira garatze bidean dagoen identitatea garaile izateko. Egia da esperientzia on batek ez duela identitate nazional bat sortzen, baina edozein kasutan, lege bidez ezartzeak bat baino askoz eraginkorragoa da. Mugikortasun programa indargabetuko balitz, naziokotasun inposatuaren ideiak indarra hartuko luke gazteen artean. Erasmuseko helburua kideen arteko ezaugarri komun bat indartzea bada, barrutik egin beharko da, gazteei haien esperientziak bizitzen lagunduz. Horrela bakarrik sortuko da herrien arteko solidaritate eta anaitasuna, hortik bakarrik indartu ahalko da identitate baten sorrera.