Vitoria-Gasteizen, 2021eko apirilaren 21ean



Berria egunkariko erredakzio-talde agurgarri hori: 



Sofía nauzu, PSYCHOLOGISTS AROUND THE WORLD elkartearen partaide, eta, eskutitz honen bitartez, elkartearen ezaugarri eta helburu nagusiak aurkeztu nahi dizkizugu. Horretarako, egun lantzen ari garen gaia azaltzeaz gain, egunkariaren eta elkartearen arteko harremanetarako bidea irekiko dugu.



Ezeri ekin baino lehen, argitu beharra dago zertan egiten dugun lan PSYCHOLOGISTS AROUND THE WORLDen. Munduan zehar kokatuta gauden 321 psikologok sortu berri dugu, arloko berrikuntzak eta etorkizuneko erronkak gizarteratzeko. Hori helburu, urtero ekarpen zehatz bat aukeratu, horren kontzeptu nagusiak aztertu, eta jendartean islatzen diren sintomen eraginak txikitzen ahaleginduko gara.



Esan bezala, aurten lantzen ari garen afera ezagutaraziko dizugu. 2003., 2008. eta 2010. urteetan zehar, Twenge ikertzaileak honako hau ikertu zuen: nahasmendu nartzisista pairatzen dutenek, zenbat eta gogo beheraldi sakonagoak izan, orduan eta antsietate zein depresio larriagoak dituzte. Amerikarraren metanalisia abiapuntutzat hartuta, Sofía de la Cruzek, elkartearen partaide, aztertu du autoestimu hauskorra eta muga faltaren eragina nerabeen nortasun nartzisistan. Bestela esanda, kideak ondoko hau frogatu du: nerabeen artean nabariagoak baldin badira hala autoestimu labainkorra nola euste falta, aukera handiagoa dute pertsonalitate nartzisista garatzeko. Sofíaren berrikuntza paregabea da, inork ez baitu horrelakorik frogatu. Hori dela eta, pasa den astean, elkartearen partaideok aho batez erabaki genuen urte honetan adierazitakoa lantzea. 



Berrikuntza ulertzearren, kontzeptu nagusiak azaldu behar ditugu. Autoestimua da norberak bere buruaz duen iritzia. Iritzia positiboa bada, autoestimua altua izango da; osterantzean, baxua. Autoestimu hauskorraren kasuan, altua dirudien arren, ez da horrelakoa izango denbora luzez, edozein momentutan behera jo dezake eta. Izan ere, autoestimu mota hau besteon iritzietan oinarritzen da; hortaz, iritzi horien arabera autoestimuak gora edo behera egiten du. Horrekin erlazionatuta dago ez barneko ez kanpoko sostengurik izatea. Balore finkorik izan ezean, autoestimu labainkorra duen nerabeak aise sinetsiko du esaten diotena. Azken kontzeptua nortasun nartzisista daukagu. Elkartearen partaideon ustez, franko landutako pertsonalitatea denez, arloko profesionalok ez ezik, gainontzeko pertsonek ere ezagutzen dute. Psikologoen eskuliburuak zerrendatzen dituen sintoma batzuk azpimarratuko ditugu, gaur egungo gazteen artean maiz agertzen dira eta: norberarekin maiteminduta egon, edozein helburu lortzeko gauza direla sinetsi eta besteen beharrik ez sentitzea.



Gauzak horrela, gizartean gaur-gaurkoz adierazitakoaren hainbat adibide aurki ditzakegu; esaterako, nerabeek erakutsi ohi dituzten jarrerak sare sozialetan. Ukaezina da pentsatzen dutela edozein amets erdiesteko gai direla. Ziur asko, bikainak diren mezua jaso dute maite dituzten pertsonengandik, eta, atxikimendurik ez dutenez, ezbairik gabe barneratu dute. 



Amaitzeko, egunkariaren eta elkartearen arteko harremanetarako bidea ireki nahian gaude, zure laguntzari ezinbestekoa deritzogu eta. Horrenbestez, gure aztergaiak helaraztea xede izanik, proposatzen dizuegu elkarteak urtero erreportaje bat Berrian argitaratzea.



Besterik gabe, gure proposamena aintzat hartuko duzulakoan, jaso ezazu gure agurrik beroena. 



PSYCHOLOGISTS AROUND THE WORLD elkartea
