ELEKA, URTEZ URTE, 10



Astero desagertzen omen da hizkuntza bat, horren azken hiztuna hiltzen denean. Nori axola zaio? Teknologia berrien orokortzearen ondorioz abiadura izugarria hartu duen hizkuntzen desagertze prozesuak munduan dagoen aniztasuna pobretzen du. Nori axola zaio? Hizkuntza bakoitzaren desagertzearekin batera, munduaren konplexutasuna ulertzeko modu -eta aukera- bat galtzen dugu denok. Nori axola zaio? Guri axola zaigu -aldizkari hau irakurtzen ari garenoi-, eta, zorionez, gero eta gehiago gara. 

Badira hamabi  urte, euskalgintzan dihardugun Arabako zenbait lagun -axola zaigun eta kezkatzen gaituen errealitate horren inguruan- elkartzen hasi ginela. Helburu bertsuak genituen, honako hauek: euskararen egoera hobetzen lagun zezakeen ezagutza soziolinguistikoan sakontzea, herritarren artean zabaltzea eta berreskurapenean eragitea. Horrelakoetan ohi denez gure ikuspuntuak trukatzen hasi baginen ere, luze gabe hartu genuen erabaki estrategikoa, eta gogoeta horiek zabaltzeko bideari ekin genion.



Eta ordutik gaur arte, lagunok: 10 urte. ELEKA aldizkariak -gure aletxoak- 10 urte bete ditu.

Merezia du ale berezi hau, bai horixe. Denok merezi dugu, bai proiektua bultzatu genuenok, bai, urte hauetan guztietan, zuen ekarpenekin posible egiteaz gain, erreferentziazko argitalpen bihurtu duzuen Euskal Herriko zein munduko kolaboratzaileok. Bejondeigula denoi, beraz.  Izan ere, euskararen egoera soziolinguistikoaren berri -ondo dokumentatua, hori bai- ematen hasi zen 12 orrialde eskaseko aldizkari xume hura, denon artean, arloan interesa duten munduko milaka aditu eta arituren ereferente bilakatu dugu. Lehen ale hura atondu genuenok amestu ere ezin genuen bidea egin du ELEKAk, eta, gure ustez, ekarpen aberasgarriak egin dizkie, alde batetik, hasierako helburua zuen Arabako eta Euskal Herriko jendarteari eta, bestetik -apurka-apurka izan bada ere- haren berri izan duten munduko hainbat eta hainbat pertsonari. Niretzat, ohore handia da ale bereziaren sarrera hau idazteko egin didaten gonbidapena, eta horixe eskertu nahi diot oraingo erredakzio taldeari.



Munduko hizkuntza gutxituen egoera, ordea, ez da hobetu azken 10 urteotan, ez horixe. Euskararen galtze arriskuak ere hor dirau, nahiz eta galera prozesuari galga jarri zaion Euskal Herriko leku batzuetan -ez guztietan-. Hori dela eta, galera  prozesuetan eragiten duten faktoreak identifikatzen, horiek erabilera esparru edo adin talde bakoitzean duten eragina neurtzen eta, batez ere, eragin horri aurre egiteko moduak  pentsatzen eta eraikitzen jarraitu beharra daukagu. Aurrerantzean ere jorratu beharreko bide horretan, ez dut dudarik, lagungarri, aberasgarri eta motibagarria izango zaigu denoi, antzeko kezkak -eta ezagutza handia- dituzten lagun, ezagun eta ezezagunen ekarpenak irakurtzea. Hortaz, segi dezagun, denon artean, ELEKA egiten, aberasten, zabaltzen eta, horren bitartez, munduko eta munduko hizkuntza gutxituen galerari galga jartzen. Horregatik, guri bai, axola zaizkigulako.



                                                    ELEKA aldizkariaren sortzaile eta kolaboratzaile

