Zuzenbidea - Garapenerako lankidetzaren diru-laguntzak.



    HITZAURREA: GARAPENERAKO LANKIDETZA PANDEMIA GARAIAN

 

     Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi izango nizkioke ALBOAN elkarteari, urtero antolatzen duen garapenerako lankidetzaren jardunaldian, hitzaurregile izateko aukera eskaintzeagatik.



    Azken hilabetetan Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian egindako lanari esker naukazue hemen eta ezin nuen gonbidapena ukatu.



     Dena den, ohi ez den bezala, aurten ez dira mundu guztietako aditurik etorri; jakina, COVID-19ren eraginez pentsaezina zen horrelako bidaiarik egitea.



     Ostera, eta paradojikoa den arren, aurtengo jardunaldian koronabirusa bera izango da hizpide.  



     Horrelako jardunaldiak funtsezkoak dira garapenerako lankidetza gizarte osoan zabal zedin. Zoritxarrez, gaur egungo komunikabideetan ez da behar adina agertzen eta horri buruzko berriren bat argitaratzen denean, ez ditu esperotutako emaitzak lortzen. 



     Horren harira, aurreko egunean autoz lanera nindoala, nire eguneroko errutinari ekin nion, kate interesgarria topatzeari, alegia; eta, bat-batean, garapenerako lankidetza hitzak entzun nituen. Bilatzeari utzi eta nire buruari zoriondu nion: Goizeko hizketaldiaren gaia garapenerako lankidetza, hori bai sorpresa ona. Baina, hasierako pozak berehala bihurtu zen kezka.



     Hizketaldian zalantzan jartzen zen Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez, ekintza humanitarioko emandako laguntzen egokitasuna. Batzuek zioten arabera, osasun krisiak eragindako premiei erantzuteko erabili behar ziren funtsak; beste era batera esanda,  konpon itzazu etxean sortutako arazoak eta kanpokoek konpon ditzaten beraienak.



     Hara hor ALBOAN antolatutako jardunaldiaren garrantzia eta ezin hobeto aukeratutako hizpidea; hau da, Garapenerako lankidetza pandemia garaian.



     Zuzen dabiltza diotenak Euskal Herriko langabeziak errefuxiatuen egoerak baino funts gehiago merezi duela? Ezin da ukatu koronabirusak sortutako premiak itzelak direla, arlo askotan, osasunean, ekonomian, baita politikan eta gizartean ere. Hala ere, horrek ez du esan nahi arazo horiei guztiei aurre egiteko hartutako neurriak aurretik zeuden premien kalterako izan behar direnik. 



     Azken boladan argi geratu denez, COVID-19k eragindako krisiak erakutsi digu gero eta interdependenteagoak garela eta herrialde bakar batek ere ezin izango duela bera bakarrik krisia gainditu. 



     Garapenerako lankidetza abiapuntu bihurtu da koronabirusarekin borrokatzeko, ezinbestekoa baita herrialde guztiek baliabideak izatea birusa desagertarazteko.



     Birusari berdin dio aberatsa edo txiroa zaren, ez dio axola non bizi zaren edo zeini bozkatzen diozun, hortxe daukagu erronka. 



     Solidaritatea izan behar da garaile. Guztiok egin behar dugu lan amankomunean daukagun arerioari kontra egiteko, aukera ezin hobea dugu erakusteko ideiez edo ekonomiaz haraindi, pertsonak daudela eta guztiek daukatela bizirik jarraitzeko eskubidea.



    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia bide horretan dago eta, ahal den neurrian, funtsak bideratuko ditu giza-eskubideak bermatzeko. Jakina, hori ez da nahikoa, mundu osoak egin beharko luke gauza bera. 



     Hori lortzeko, ez legoke txarto komunikabideetan ahaleginak egitea zentzu horretan eta, noski, lehen aipatutako hizketaldi modukoak egiteari uztea. 



     Kontrakoak adieraziko luke ez dugula ezer ikasi eta mundua leku askoz okerragoa izango litzatekeela gure seme-alabak hazten ikusteko. 



Egile ezezaguna

2020ko irailaren 29an
