TERAPIA AURRERATUAK: MEDIKUNTZA BERRIA



Argi dago 2020. urtea medikuntzaren urtea izan dela; hain zuzen, biztanleriaren gehiengoak ikastaro azkar bat egin du alor horretan, eta eguneroko hiztegira osasun arloko kontzeptu berriak gehitu ditu, hala antigeno, nola PCR testak. Pandemia egoera dela eta, argitaratu berri da osasunarekin zerikusia duten ikerketek %20 egin dutela gora. Horri esker, azken urtean, bizi itxaropenak %40 egin du gora, eta, horrekin batera, adinarekin zerikusia duten gaixotasunak; mugimendu zailtasunak, esaterako. Mugimendu zailtasunak pertsona adinduetan agertzen diren ezintasunak dira, eta, gehienetan, osteoporosiagatik edo hezur galeragatik gertatzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2015.urtean hezur hausturak 20.000 izan ziren; 2030. urtean, aldiz, 80.000ra heltzea espero da.



Hezur ehunak berez birsortzeko gaitasuna du, eta, beraz, haustura gehienak sendatzen dira. Hala ere, kasu batzuetan - aldaka hausturan, esaterako-, gaitasun hori galdu egiten du, eta ebakuntza da irtenbide bakarra, baina hainbat desabantaila ditu; besteak beste, errefusa jasateko aukera. 



Horri aurre egiteko, hainbat ikerketa taldek zenbait estrategia garatu dituzte; horien artean, medikuntza birsortzailea dago. Definizioz, zientziaren hainbat ikerketa lerro konbinatzearen ondorioz lortzen den medikuntza da, eta banakako tratamendua du helburu; hots, gaitzen diagnostiko eta tratamendua gaixo bakoitzari egokitzea. Horretarako hainbat aukera daude, hala terapia zelularra, nola ehun ingeniaritza. Terapia zelularraren kasuan, zelulak erabiltzen dira gaixotasunen tratamendurako; ehun ingeniaritzan, aldiz, kaltetutako ehunak birsortzen dira scaffold deitzen diren euskarri batzuei esker. Atal honetan, argitaratutako azken emaitzak kontuan hartuz, ikasturte berriari begira, ehun ingeniaritzan egongo diren berrikuntzak sakonki aztertuko dira.



Scaffoldak hainbat materialez osatutako egitura zurrunak dira, eta dagoeneko zenbait ikerketa talde hasi dira egitura horeik ikertzen. Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldeak, esaterako, aditzera eman du laborategian garatutako sistema horiek hezur ehuna birsortzeko gaitasuna dutela. Emaitza arrakastatsu horiek kontuan hartuta, punta-puntako gailuak eskuratzen hasi dira; hain zuzen, hiru dimentsioko inprimagailuak edo 3D inprimagailuak. Inprimagailu horiek izaki bizidunetan aurki daitezkeen ehunak birsortzeko gaitasuna dute. 



Hala ere, hezurra etengabe aldatzen ari den ehuna denez, kasu batzuetan, sistema horiek ezin dira modu egokian txertatu. Hori dela eta, guztiz berritzailea den teknika bat garatu da: lau dimentsioko inprimagailuak edo 4D bioinprimagailuak sortu dira. Horiek 3D inprimagailuak dira, baina ezaugarri gehigarri bat daukate: gorputzeko hainbat aldaketa fisiologikoren (pH, tenperatura edo hezetasuna) aurrean aldaketak jasan ditzakete. Hori dela eta, laborategian sortzen diren scaffoldak hezurrera hobe egokitzen dira. Dagoeneko hainbat proba egin dira, eta lortu diren emaitzak arrakastatsuak izan dira; Michigan Unibertsitatean, adibidez, gailu horien bitartez sintetizatutako euskarria animali baten aldaka hausturan txertatu eta hezurra guztiz birsortzea lortu zen. 



Scaffoldak hezur ehunean txertatzeko duten gaitasun ona dela eta, ondoriozta daiteke ehun ingeniaritza hezur hausturak sendatzeko alternatiba paregabea dela; are gehiago, 4D bioinprimagailuei esker, sistema horiek hezur ehunera hobeto egokitzen dira. Hala ere, nahiz eta orain arte argitaratutako emaitzak itxaropentsuak izan, teknika hori hasierako urratsetan dago, eta, etorkizunean, gizakietan erabiltzean, zer nolako eragin izan dezakeen ikertzeke dago.
