Ekonomia.



                          

                                             Enpresetako parte hartzearen behatokia



Gaur egun gizartearen esparru guztiak zipriztindu omen ditu parte hartzearen olatu erraldoiak.  Denok izan nahi dugu subjektu aktibo, Informazio, ezagutza eta denbora eskasia sarritan sahiestu ezinezko oztopo bilakatzen den arren. Neuk ere erabaki nahi dut diogu ozen geure buruari gorazarre eginez. Baina olatu horrek ez ditu maila berean denak busti: lan munduan kresalak ekarritako ur tanta apurrak besterik ez dira nabaritzen. 



Ekonomiaren globalizazioak Euskal Herriko enpresak mundu mailan lehiatzera behartu zituen. Natura baliabideen faltan, pertsonak dira gure lehia estrategiaren ardatza. Horregatik, jaiotzen garenean hasten den bizi osoko ikasketa prozesuan inbertitzea beharrezkoa da lan esku apalagoko herrialdeekin parez-pare lehiatzeko. Horrela egiten ez badugu jai dugu. Soldata murrizketaren estrategiaren alde egingo bagenu, industriaren (eta ondorioz, ekonomiaren) etorkizuna legoke kolokan. Izan ere, munduaren luze-zabalean, beti egongo da norbait guk ekoiztutakoa merkeago egiteko prest.



Ezaguna da azken urteetan formakuntzari eman zaion bultzada publiko zein pribatua.  Hamarnaka plan abiatu dira instituzioen ekimenez lantokietan langileen formakuntza beharrak ase asmoz. Ez dagokit niri plan horien arrakasta maila baloratzen hastea, baina beharbada gehiago so egin beharko litzaieke enpresen behar zehatzei egitasmoak zehazterakoan.  Gainontzean, ahalegin horiek antzuak suertatzeko arriskua dago. Gailurra urruti dugu, baina zorionez pausoz-pauso bidea urratzen ari dela ezin genezake uka.



Lantokietan, ordea, denak antzera jarraitzen du. Parte hartzearen enbatari aurre egiteko altzairuzko ate sendoek tinko diraute, eta kostako zaigu horiek botatzea. Lan harremanek ez dute azken 100 urteetan aldaketa nabarmenik ezagutu. Teknologiak mundua zeharo eraldatu duen arren, lan egiten dugun ordu kopurua ez da aldatu XX. mende hasieratik. Negoziazio kolektiboaren azken urteetako bilakaerak, XXI. mendeko eredu berri bat irudikatu beharrean, garai bateko feudalismora gerturatu gaitu. Galdera luzatzen dut: Zertarako balio du langileen prestakuntzan inbertitutakoak horrelako enpresa ereduan?



Enpresari eta langileen arteko harremanak bere horretan dirauen artean ez dugu lortuko enpresa bakoitzeko langile guztien ahalmena baliatzea. Horregatik da funtsezkoa aurreko ereduak gainditu eta benetako parte hartzea bultzatzea. Formalismoak ekidin eta lantokiko bizikidetzan oreka berri bat bultzatu beharra dago. Langileek enpresaren erabakietan parte hartzea ezinbestekoa da, euren ezagutza guztia enpresaren zerbitzura jar dezaten. Horrek, derrigorrez, beste aldearen aitortza ere beharko luke: eskubide eta berme batzuen jabe izan behar dute langileek, enpresak egoera ekonomiko onean daudenean sortzen den irabaziaren zati bat eskuratuz, adibidez.  





Jakin badakigu, neurtzen ez denaren inguruan gutxi mintzatzen dela, eta nekez har daitezkeela neurri zuzentzaileak. Horixe aldatzea da datorren urtean jorratzea proposatzen dudan Enpresetako parte hartzearen behatokiaren zioa: Euskal Herriko lantokietako parte hartzearen diagnostikoa egitea. Horretarako, behatokia osatzeko kontuan hartu beharreko aldagaiak adostu beharko ditugu eta neurgailu objektiboak finkatu. Neurgailu horiek enpresa guztien azterketarako balio beharko dute, eta aukera emango dute enpresa bakoitzaren parte hartze mailaren bilakaera aztertzeko denboran zehar. Lantoki bakoitzeko azterketa berezituaz haratago, behatokiak sektore ekonomiko bakoitzeko argazkia aztertzeko aukera emango du, eremu bakoitzeko politika zehatzak definitzeko. 



Langileen jakiturian datza gure ekonomiaren bideragarritasuna.Urezta ditzagun berandu baino lehen enpresetako sustraiak, usteldu beharrean, adar berriak jaio daitezen. 

