Gizarte Zientziak

Zuzenbidea



2021 EKITALDIAN EUSKAL MUSIKA-ONDAREAREN BABESA SUSTATZEKO PROIEKTU PROPOSAMENA



Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak, 2020ko irailaren 28ko aginduz, zerbitzu honen beharrizan eta proposamenak eskatu ditu, 2021ko aurrekontuen proposamenaren aurreproiektua prestatzeko. Bereziki, egun existitzen ez den lan-ildoren bat proposatzeko eskatu du. 



Sail honen Estruktura Dekretuaren arabera (18. artikulua), zerbitzu honi dagokio, beste gauzen artean, euskal kultura ondarearen babesa eta kudeaketa. 



Euskal Kulturaren Behatokiaren txostenetan azaltzen denez, 1981ko Euskal Kultura Ondarearen legea lehena izan zen (Estatu mailako Kultura Ondarearen babeserako legeen artean) ondare ez-materiala aintzat hartzen. Lege hau onartu zenean, nazioartean ere ondare honen babesaren garrantzia azpimarratzen duten legeak eta akordioak jorratzeke zeuden. 



Egun, ordea, egoera guztiz aldatu da. UNESCOk bi testu onartu ditu azken urteotan kultura ondare honen babesaren beharra plazaratuz: 2005eko Kultura Aniztasunaren Babeserako Gutuna eta 2009an onartu zen Ondare Ez-Materialaren Babeserako Deklarazioa. Bestalde, gainontzeko autonomia erkidegoetan indarrean dauden kultura ondare lege gehienek ere ondare ez-materiala ere aipatzen dute (Esaterako, Nafarroako Foru Erkidegoko 2/2018 Foru Legearen 5. artikulua, eta Kataluniako Autonomia Erkidegoko 4/2016 Legearen 7. artikulua) eta Estatu mailan honen inguruko lege berezi bat onartu da, Ondare Ez-Materialaren Babeserako 3/2015 Legea, ain zuzen ere.



Euskal Kultura Ondarearen Babeserako 40/2019 Legeak ildo berean dihardu, eta 4.1 artikuluan ondare materiala eta ez-materiala, biak ala biak, maila berean kokatzen ditu Euskal Kultura Ondarearen adierazpen gisa.



Halabaina, Legebiltzarrak ezarritako berdintasun horrek ez du itzalik, egun, Jaurlaritzaren politiketan. Izan ere, Kultura Ondare Zerbitzuaren lana ondare materialaren arlora mugatuta dago. 



Kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutak ezartzen duela botere publikoek hiritarren kultura-eskubideak bermatuko dituztela, argi dago Legegilearen borondatea bete nahi bada, ondare ez-materialaren babeserako politika publikoak jorratu beharko direla. Hori dela eta, proposatzen da 2021 ekitaldian ondare honen adierazpen jakin baten babeserako programa bat aurrera ateratzea.



Ondare ez-materialen zerrenda zabalegia denez, proposatzen da hasierako programa musikaren ingurukoa izatea. 40/2019 Legearen 4.3. artilukuaren arabera, Euskal kulturaren ondare ez-material dira: d) euskal musika tradizionalak, bereziki ahotsezkoak. 



UNESCOren arabera, herriek beren nortasuna adierazteko modu nagusia da musika, eta gizarte baten aurrerapen ekonomikoen isla ere izan liteke. Euskal Herriaren kasuan, gainera, euskal nortasunaren testigantza izateko berebiziko aukera du musikak, bereziki ahotsezkoak, ondasun hau osatzen duten abestiak euskal hizkuntzan kantatzen direlako. 



Euskal gizarteak bere-berekoak dituen zenbait ahotseko musika-adierazpen bereziak dira, eta ez dira Euskal Herritik kanpo ikusten, bertsolariak kasu; Beste adierazpen batzuek, abesbatzak adibidez, forma berezia dute Euskal Herrian (Otxoteak) edo berebiziko garrantzia dute euskal tradizioetan (Santa Ageda eguneko koplariak, Gabon gaueko eta Urte Zaharreko koplariak) edo bestelako ohituretan (euskal musika eliztiarra). Belaunaldiz belaunaldi mundua ikusteko modua jaso eta emateko tresna ere bada musika (haur eta lo-kantak).



Honegatik guztiagatik, funtsezkoa da euskal musika-ondarea babesteko ekimenak diseinatzea eta martxan jartzea. Lan-ildo honen lehen urtea izanik, eta COVID-19ak sortutako osasun krisiak dakarren finantza-murrizketak kontuan hartuta, proposatzen da Zerbitzu honek sustatuko duen lehen proiektua izatea ondare honen erregistro bat sortzea Errenteriako ERESBIL artxiboan.