Ekonomia eta Enpresa



2021. urterako ikerketa-lerro berriaren proposamena: Merkatuak konpon dezala merkatuak hautsitakoa



Gure plan estrategikoari jarraiki, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Jasangarria sailak larrialdi klimatikoaren inguruko ikerketa ugari burutu ditu azken urteetan. 2016ko urtarrilean jarri genuen martxan gure saila, hilabete bat lehenago Parisen sinatu ziren nazioarteko hitzarmenetan sakontzeko asmoz. Lau urte besterik ez daramatzagu Parisko akordioen xehetasunak aztertzen eta jadanik badakizkigu zeintzuk izango diren larrialdi klimatikoaren aurkako borrokaren hurrengo pausoak; baina aski ezagunak dira oztopoak ere: oro har, azpiegitura jasangarriak eraikitzeko finantziazio-iturri berriak bilatzea eta egungo ekonomiak sustatzen duen kontsumo eredua aldatzea dira gure erronka berriak.



Iazko deialdian proposatutako Ikerketa-lerroaren arrakasta ikusita  --gure azken ikerketaren emaitzak Nature aldizkari ospetsuan argitaratuko dira, hain zuzen ere--, aurten ere gure sailaren emaitzak aberastuko dituen proposamen bat dakarkizuegu. Jadanik negutegi efektuaren ondorioak aztertu ditugu eta baita CO2 isurketen gaia modu zorrotz batean landu ere; hala ere, oraindik ez dugu negutegi efektuko gasen murrizketarako ikerketa esperimentalik gauzatu. Orain arte ekonomiaren eskaria eta eskaintza orekatzen dituzten simulazioak egin ditugun arren, sarritan gaia zeharki landu dugu. Horrenbestez, gure beste ikerketa-lerroak norabide onean doazela berresteko --bidean oztopo handiegirik aurkituko ez dutela bermatzeko, batez ere-- tresna ekonomiko baten modelizazioa aztertzea proposatzen dut: kontsumo ereduak aldatu eta estatuentzako diru-sarrerak sortuko dituen Karbono dioxidoaren gaineko zerga bat.



Ekonomia Jasangarria sailaren helburuekin lerrokatuta dauden onurak ekarriko lituzke Karbono dioxidoaren gaineko zergaren inguruko ikerketa-lerro berriak. Batetik, aspalditik lantzen ditugun klima-tresnentzako osagarri bikaina dira Karbono dioxidoaren gaineko zerga bezalako tresna ekonomikoak; eta bestetik, zergak CO2 isurketak murrizteko duen gaitasuna aztertzen badugu, gure jakintza eremuko ikertzaile berritzaileen parean jar gaitezke. Izan ere, William Nordhaus ikertzaile amerikarrak --Karbono dioxidoaren gaineko zergaren aintzindariak, alegia-- nobel saria jaso zuen iaz; zergen potentziala ikertzea premiazkoa delaren seinale. 



Karbono dioxidoaren gaineko zerga produktu kutsagarriak garestitzean datza, horretarako zerga-sistemak eskaintzen dituen pizgarri ekonomikoak erabiliz. Beste era batera esanda, zergak produktu zehatz baten prezioa bere ekoizpen prozesuan gertatzen diren CO2 isurketen arabera alda dezake. Horren bidez, kontsumitzaileak prezio lehiakorretan aurkituko lituzkete produktu jasangarrienak. Txanponaren beste aurpegian, aldiz, enpresak ditugu: beharrizan energetiko handiak dituzten enpresen ekoizpen kostuak garestitzen badira, Karbono dioxidoaren gaineko zergak fabrika batzuen lehiakortasun ekonomikoa auzitan jarriko luke. Gauzak horrela, industriak zergari ihes egiteko deslokalizazio-estrategia bat burutuko balu, Euskal Herria bezalako eskualde industrializatu batek --industriak barne produktu gordinaren %22a osatzen baitu-- zergaren albo-kalte lazgarriak pairatuko lituzke. Hortaz, ondorio hori saihesteko zerga-salbuespenak ezartzea ezinbestekoa dirudi; baina, aldi berean, enpresa kutsagarrienak araudi berritik at uzten baditugu, ez gara diru-sarrera nahiko biltzeko gai izango.



Paradoxa baten aurrean gaude: porrot ekonomikoa ekiditzea lehenesten badugu, ezin izango ditugu larrialdi klimatikoari aurre egiteko beharrezkoak diren azpiegiturak finantzatu. Ikertzaileon ardura da paradoxa honi zentzuzko erantzun bat ematea eta, irtenbide bat baino gehiago aurkitzekotan, aukera guztiei buruzko informazioa gizartearen esku jartzea.