Berriako erredakzio-talde agurgarria,



Euskogeo taldearen izenean idatzitako gutuna da honakoa. Euskogeo Euskal Herriko geopolitika erakundea da. Gutun honek sortu berri den erakundearen aurkezpen labur bat egitea du helburu. Bide batez Berriari zenbait proposamen egitea gustatuko litzaiguke. 



Azken urteotan geopolitikaren eta nazioarteko harremanen gaineko interesa nabarben handitu da mendebaldean. Interes hori azken hamarkadan mundu mailan gertatutako zenbait gertaeren ondorio dela argudiatu dute aditu askok. Izan ere, Siriako gerra, Txina eta Ameriketako Estatu Batuen arteko lehia ekonomikoa edo Venezuelako estatu kolpeak milioika herritarren egunerokotasunean txertatu dira. Nazioarteko gertaera horiek aztertzen dituen zientzia geopolitika da. Orain dela hamarkada gutxi arte, nazioarteko gertaerak potentzia handiek bakarrik aztertzen zituzten. Izan ere, estatu horiek mundu mailako interesak zituzten, eta nazioartean gertatzen zenak haien estatuetan eragiten zuen. Hala ere, gaur egun mundu globalizatu batean bizi gara, eta horren ondorioz, nazioarteko gertaerek estaturik txikiena ere baldintzatzen dute. Pandemiak mundu mailan izan duen eragina ikustea besterik ez dago. Hori dela eta, nazio eta estatu gehienek geopolitika erakundeak sortu dituzte: Frantzian, Britainia Handian, Danimarkan, Finlandian edo Uruguayen geopolitika erakundeak sortu dira, besteak beste. Euskal Herrian, nahiz eta geopolitika aztertzen duten ikerlari asko egon, geopolitika erakunderik ez zegoen orain arte. Hutsune hori betetzeko sortu da Euskogeo. 



Euskogeo Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko hainbat irakasle eta ikerlariek osatzen dute. Erakundearen helburua Euskal Herriko instituzio, enpresa eta herritarrei mundu mailako gertakariak azaltzea da. Hasiera batean erakundeak mundu mailako gertakari esanguratsuenak aztertu nahi zituen. Hala ere, gertaera horiek aztertzen dituzten ehunka erakunde daude mundu mailan. Euskogeok jakintza guzti horri ekarpen berezirik ezin dio egin. Izan ere, beste eragundeekin alderatuta, informazio, kontaktu eta baliabide gutxi ditu. Hori dela eta, Euskal Herriari gehien eragiten dioten gertaerak aztertzea erabaki da. Esaterako, Euskal Herrian erabiltzen den energiaren gehiengoa Argeliako gasa eta Frantziako energia nuklearra dira. Horren ondorioz, bi estatu horietako gertaerek Euskal Herriko herritarren, instituzioen eta enpresen ongizatean eragin zuzena izan dezakete.  Euskogok herrialde horietan (eta beste askotan) dauden joerak eta gertaerak aztertzen ditu.



Esan bezala, Euskogeoren helburua euskal instituzio eta enpresei nazioarteko ezagutza emateaz gain herritarrei geopolitika eskuragarriago egitea da. Hori dela eta, Berriarekin  kolaboratzea gustatuko litzaiguke. Izan ere, Berria euskarazko egunkari bakarra da, eta uste dugu geopolitikaren gainean aztertutakoa euskaraz eskaintzea beharrezkoa dela. Kolaborazio horren forma edo modua askotarikoa izan daiteke: iritzi artikuluak, gutunak, saiakera txikiren bat, elkarrizketak, etab. 



Badakigu urtero hainbat erakunde sortzen direla, eta haiek ere Berrian espazio bat eskatzen dutela. Hala ere, uste dugu Euskogeok Euskal Herriarentzat berebizikoa den jakintza esparru bat lantzen duela. Gainera, herritarren artean geopolitikaren gaineko interesa geroz eta handiagoa da.  Hori dela eta, gure proposamena kontuan hartzea eskatuko genizueke.



Aldez aurretik eskerrik asko.



Agur bat.



Euskogeo erakundea