Itzulpengintza eta Interpretazioa



Bi hizkuntza ofizial eta beste hamaika ez-ofizial dituen lurralde batean bizi gara. Elebiduna ez, eleanitza da gure ingurunea, eta diglosikoa, hizkuntza hegemoniko biren morrontzan bizi den hizkuntza gutxitu bat normalizatu nahian gabiltzanez gero. Hezkuntza arautuak, ikasleak etorkizunerako prestatzea helburu duenez gero, ezin du eleaniztasun horren aurrean itsu agertu. Horrenbestez, gehiengo handi bat ados geundeke esango banu hezkuntzaren helburu behinena hizkuntzari dagokionez ikasle eleaniztunak heztea dela, betiere euskarari hizkuntza gutxitu moduan eman behar zaion trataera berezia ahaztu gabe. 



Hain justu, zientziak aspaldidanik diosku eleanitz izateak onura ugari dakarzkigula hiztunoi, abantailak dakartzalako hizkuntza-gaitasun orokorraren garapenean eta mesede egiten diolako garunaren malgutasunari, besteren artean. Horren erantzun gisara, badirudi eleaniztasunaren aldeko ageriko apustua egiten ari direla EAEko eta Nafarroako hizkuntza-sistemak, eta dagoeneko hasiak dira derrigorrezko ikasgai batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasten. Inondik ere, urrun gaude eleaniztasuna tratatu beharreko nahastetzat hartzen zuten sasoietatik. Ordea, didaktikan eleaniztasuna sustatzearen kontzeptu horrek besarkatzen duen zaku zabalean, gaur-gaurkoz behintzat, askok nekez irudika dezakete itzulpen-jarduna, edo are, irudikatzekotan, debeku-afixaren pean bakarrik koka dezakete. Eta guk, hizkuntzaren ingeniari garen itzultzaileok, badugu zer esana itzulpenak hezkuntzan izan ditzakeen erabilpenen inguruan. Argitalpen hau, beraz, gai horren bueltan egindako ikerketa eta gogoetek osatutako lana da. 



Hasteko, lehen hiru artikuluek itzulpena hizkuntzen irakaskuntzan erabiltzeari egozten zaion arrisku nagusiari, ustezko kalko okerrei, lotutakoak dira. Dakizuenez, urteetan zehar sutautsa bezala zabaldu diren usteek diote arriskutsua izan daitekeela itzulpena erabiltzea esku artean ditugun bi hizkuntzen artean interferentziak eragin ditzakeelako, eta finean, hizkuntzak elkar kutsatzea eragingo duelako. Egiari zor, akademiako teorietan ondo gainditutako ustea da gaur egun; honetara ezkero, bide luzea egin du Chomskyren gramatika unibertsalaren teoriak, bai eta Cumminsen Interdependentzia linguistikoaren hipotesiak ere, zeinak esaten baitu hiztunok beste hizkuntza batzuk ikasteko ezinbestean baliatzen ditugula lehendik genekizkien hizkuntza guztiak. Alabaina, ikusi da teoria horrek nekez egin duela oraindik unibertsitatetik ikastetxeetarako jauzia, eta haren aplikazio praktikoak eskasak direla gurean. Hutsune hori dela eta hasi ziren hainbat itzultzaile-ikertzaile itzulpena gure testuinguru eleanitzeko jardun didaktikoan txertatzeko moduak arakatzen, eta pozgarria da argitalpen honetan uzta-prozesu horrek eman dituen lehenengo aleak bildu izana.



Halaber, badira, hezkuntza eleaniztunaz harago, zehazki itzulpenari heltzen dioten artikuluak ere (4. eta 5. artikuluak). Azpimarragarria da euskararen testuinguruan lehen aldiz behatu zaiola itzulpenak xede- zein jatorri-hizkuntza lantzeko ematen dituen aukerez. Aipatutako lehen artikuluak jatorri-testua didaktikoki ustiatzeko gakoak ematen ditu, eta nagusiki itzulpenera zuzendutako ulermen-estrategiekin lotutako proposamenak egiten dizkie irakurleei; horretarako, kontsulta-baliabide elebakar zein elebidunen erabileraz dihardu, eta horiek ikasleen irakurketa autonomoa sustatzeko nola erabil daitezkeen proposatzen du. Bigarren testua, aldiz, xede-testuaren erabilgarritasun didaktikoan ardazten da, eta hortaz, hizkuntzaren ekoizpenari lotutako alderdiei ematen die arreta, gramatika-arauetatik eta terminologiatik hasi eta estilo kontuetaraino. Era berean, ikasleek hutsetik abiatutako sorkuntza eta itzulpena uztartzeko tailer praktiko bat diseinatu du 







Itzulpen-jardunaren bueltan mitoak nagusitzen dira; ezjakintasunak eragindako uste okerrak.







Itzulpenari ospe txarra zabaldu zaio gure ikastetxeetan.