KOMUNIKABIDEAK ETA KAZETARITZA



Azken urteak gogorrak izan dira. Kritika andana jaso dugu; alderdi-politiko, gizarte-eragile eta ikus-entzuleen partetik, eta horrek langileon motibazioa galtzea ekarri du. Hala ere, badago biderik ilusioari eusteko eta lanari berriz ere ganoraz ekiteko, gure artean harmoniaz jardun ez ezik, ikus-entzuleek produktu duina eskura izan dezaten. 



Komunikabide publikoa garen heinean, enpresa pribatu batekin alderatuz, gehiago exigitu diezagukete, gure produktuak diru publikoa baitu iturri nagusi. Halaber, ETBren programazioaren barnean, gure albistegiak dira saio ikusienetakoak. Hortaz, arduratsuago jokatu behar dugu. Hasteko eta behin, hainbat hausnarketa egin nahiko nituzke. Informazioa ematerako orduan euskal gizarte osoa ari gara kontuan hartzen? Alderdi politikoekiko inpartzialak ari gara izaten? Informazioa modu objektiboan ari gara helarazten? Zer-nolako gizartea nahi dugu gure seme-alabentzat?



Euskal gizartearentzat interes orokorreko jazoera guztien inguruan beharko genuke informatu (izan gai politikoak, ekonomikoak, nazioartekoak edo kulturalak), baita zuzen informatu ere. Ipar Euskal Herrian egunero ikusten gaituenik badago, eta albistegia hasi eta ordu erdira aditzen ditu bere inguruko kontuak bizpahiru planotan. Istripu bat larriagoa al da A-8an gertatuz gero? Berdin jokatuko genuke istripua Ustaritzen balitz? Euskal biztanle guztiei errespetua zor diegu.



Hari honetatik tiraka, eta euskal gizartearen eskubideak bermatze aldera, gizabanako bakoitzaren pentsamendu kritikoa bultzatzea funtsezkoa dela deritzot. Globalizazioak eta teknologia aurrerapenek mundua hankaz gora jarri duten honetan, euskarri berri honi eustea besterik ez zaigu geratzen, orain dela hogei urteko eredua atzean utzita. Hala ere, mehatxu asko dakartza forma eta eduki aldetik eredu berriak. Biztanleok, eta oro har gazteok, gero eta galdera gutxiago egiten dizkiogu gure buruari, edonon ikusten dugunak (gure albistegiez ere ari naiz) konbentzitzen gaituelako. Telebistak ematen duen mezua nolakoa, ikus-entzulearen jarrera halakoa. Horregatik, gure egitekoa da, zuzenean edo zeharka mezu politikorik eman gabe informazio hutsa ikus-entzuleari helaraztea, apaingarririk gabe.



Bi adituren iritzia ekarriko dut lerrootara. Jose Mari Pastor eta Joxe Inazio Basterretxea EHUko irakasleen ekarpenak, hain justu. Lehenengoak dio albiste agentzietatik harago joan behar dugula berrien bila, sarritan boteretsuen aldeko kontaketa egiten baikabiltza. Gurean kazetari apartak ditugu, eta euren gaitasuna zukutu beharra dugu, albiste-agentzien prototipoen kaltetan. Izan ere, boteretsuenen aldeko kontaketak gizartea ahuldu besterik ez du egiten, Basterretxea irakaslearen aburuz: Editorialak idaztean edo irrati-saioak egitean, hedabideek harreman-kodeak ezartzen dituzte, jarrera ez instituzionala kritikatuz. Komunikabideak alderdi politikoen morroiak dira. Hori dela eta, eredu honekin, ikus-entzuleak ikusitakoa imitatu egingo du, eta konplizeak izango gara, inkontzientean bada ere, bere adimena erabili ez duenean ideia bat sinestarazi baitiogu.



Hau guztia esanda, Inoiz baino gertuago, inoiz baino gardenago lelopean, datorrean urtean lantzeko gaia proposatzen dut, euskal biztanleriaren eskubide guzti-guztiak bermatze aldera. Badakit erronka handia dela, baina sustraietatik hartu ezean, arazoak soka luzea ekarriko du. Komunikabide publiko bezala gizartean bete behar dugun rola oso garrantzitsua da.