Ingeniaritza Elektronikoko Aldizkariaren 10. urteurrena:



Badira jada hamar urte Ingeniaritza Elektronikoko Aldizkaria (IEA) hasi zenetik, eta hamarkada horretan aldizkariak izugarrizko eboluzioa eduki duela aitortu dezaket; bai irakurle bezala, baita elektronikan aditua naizenez gero ere. 



Aldizkaria,  kasu gehienetan gertatzen den legez, txiki samar hasi zen; euskal adituen artikuluak bakarrik publikatzen ziren hasiera batean, baina, horien kalitate ona bermatu zenez gero, nazioarteko zientzalariak beren aportazioak bidaltzen hasi ziren.



Alez ale, mota askotako testu irakurri ahal izan ditugu, hala nola iritzi artikuluak, erabilera gidak, txostenak, eta abar. Edukiari dagokionez, nahiz eta elektronikarekin zerikusia duten gaiak soilik jorratu diren, horiek ere anitzak izan dira: elektronika analogikoa, elektronika digitala, potentzia elektronika edo mikrokontrolagailuak, besteak beste.



IEAren ibilbidea geldi ez dezan, esku artean duzun alean, gaur egun berebiziko gai bat dakartzagu; mikrouhinak, hain zuzen ere. Eta horren inguruan interesa pizteko itzelezko bi ikerlariren laguntza daukagu: Langis Roy, alde batetik, eta Aitziber Anakabe, bestetik.



Langis Roy kanadiarra da, baina bere ikerkuntza sarea ez dago bere herrialdera mugatuta, eta Singapur, Frantzia edota Txinako kiderekin egiten du lan, beste batzuren artean. Bere ikerkuntza mikrouhinetako gailu pasiboetara bideratuta dago; hau da, kondentsadoreak, harilak, antenak eta iragazkiak diseinatzen ditu, esate baterako. 



Aitziber Anakabe euskalduna da, baina haatik ez da Roy baino ezezagunago elektronika munduan. Bere ikerkuntza taldea betidanik Leioako zientzia fakultatean egon den arren, zenbait egonaldi egin ditu Frantziako hainbat ikerkuntza zentrotan, eta irrati maiztasuneko anplifikadoreen egonkortasuna aztertzeko garatu dituen teknikak oso arrakastatsuak izan dira diseinu elektronikoko industrian.



Bi ikerlari horiek ospe txarra duten mikrouhinen inguruko hainbat zehaztapen emango dizkigute hurrengo orrietan. Beren ezagutzatik abiatuz, mikrouhinen funtsak azalduko dituzte eta horiek dituzten erabilerak ere bai.



Azken aldian bizitzen ari garen pandemia dela eta, 5Garen kontrako iritzi asko entzun dira; horrek sortzen dituen uhin elektromagnetikoak kaltegarriak direla, batik bat. Eta baliteke horrela izatea, baina ez dago ikerkuntza zientifikorik hori aitortzen duena. Aitzitik, izaki bizidunek uhin elektromagnetikoak somatzen ez dituztela demostratu da sarritan hainbat esperimentu ezberdin erabiliz. Horrelako ideiak argudiatzeko kontzeptu fisiko batzuk modu erraz batean azalduko dizkigute.



Behin gizarteak gai horren inguruan daukan ezagutza falta pixka bat arindu dutela (oinarrizko kontzeptu batzuren ulermena bermatuz), idazleek mikrouhinen erabilera adibideak azalduko dizkigute; ezinbestekoak ditugula ikusiko dugu.



Hasteko komunikazio kate baten funtzionamendua azalduko dute; horrek uhin elektromagnetikoak baliatzen ditu seinaleak eta informazioa leku batetik beste batera helarazteko. Izan ere, mikrouhinak erabiltzen dituelako, edozein igorle eta hargailu bikoteri irrati maiztasun sistema deritzo.



Aurkezten den beste adibidetako bat mikrouhin labea da. Uste oker asko daude horren inguruan: elikagaien konposizioa aldatu edo uraren erresonantzia maiztasunean lan egiten dutela, adibidez. Hemen daukagun artikulua irakurri eta gero labe horien funtsak ulertuko dituzula ziurtatu dezaket.



Arestian aipatu denez, gaur hamargarren urteurreneko IEAko alearen publikazioa ospatzen dugu, opa dezagun, bederen, beste hamar urte barru hemen jarraituko dugula.