Espezializatea: arkitektura eta hirigintza



Espazio publikoaren diseinua ardatz hartuta, aurten ere, jardunaldi interesgarria antolatu dute Hiri bizia elkarteko kideek Durangon. Hain zuzen ere, saio ezberdinetatik ateratako ondorioa izan da gure herriko kale, parke eta plazak diseinatzeko erabili diren eta erabiltzen diren parametroak aldatu beharra dagoela. Bertaratu diren aditu ezberdinek, bakoitzak bere esparrutik, esperientzia anitzak aurkeztu dizkigute, eta herrien diseinuak  herritarren  eguneroko bizimoduan zenbaterainoko eragina duen ulertarazi digute. Besteak beste, hiritargo anitza, espazio publikoen sarea, ekipamenduen sarea eta mugikortasun demokratikoa dira aditu horien ustetan parametro aldaketarako kontuan hartu beharreko  lan ildoak. Hala ere, jardunaldian parte hartu duten adituen ustez,  herritarren beharrak identifikatzea da ezinbestean kontuan hartu beharreko aldagaia.



Corona Virusak etxean giltzapetu gaituen honetan, inoiz baino gehiago nabaritu dugu guztiok dugula beharra kalera irtetzeko, sozializatzekoa, kirola egiteko, naturaz gozatzeko eta jolasteko. Baina, sarri, ohartu gara behar horiek egoki asetzeko gure herriko espazio publikoa osatzen duten gune ezberdinak ez direla egokiak nagusiekin paseatzeko, haurrak aske jolasteko, batetik bestera mugitzeko, kirola egiteko, arnasa hartzeko... Azken finean, herri biziak antolatzeko. Baliteke, ezinbestean, gure benetako beharrak zeintzuk diren ohartarazteko geldiunea behar izatea. 



Durangaldeko herriak eta hiriak, beste asko lez, 60ko hamarkadan nabarmen hasi ziren industrializazioaren eraginez. Industria  kokatzeko lantegiak eta bideak eraiki beharra zegoen, eta, baita, bertan lan egingo zuten eta atzerritik zetozen milaka eta milaka langile bizitzeko etxebizitzak ere. Herrien hazkunde harek produkzioa izan zuen oinarri eta, beraz, herritar tipo bakarra hartu zuen kontuan orduko hiri diseinu harek: gizonezkoa, lan ordainduarekin eta autoaren jabea zena. Horrenbestez, gainontzeko herritarren beharrak ez ziren kontuan hartu gure herri eta hirietako kale eta plazak antolatzeko. Hori horrela, emakumeak, haurrak, adinekoak, mugitzeko zailtasunak zituzten herritarrak zein garraio publikoaren erabiltzaileak hiri antolaketa horietara moldatu beste aukerarik ez zuten izan.



Tamalez, orduztik egin den hirigintzak ere patroi berberak jarraitu ditu espazio publikoa antolatzerakoan. Gainera, sarri askotan, interes partikularra gailendu zaio interes kolektiboari. Beraz, jardunaldian adituek azaldu digutenari jarraiki, bada garaia hiri diseinuaren parametroak aldatzeko eta herritarren beharrak erdigunean jartzeko. Hori horrela, politikariak eta teknikariak bitartekariak izan behar dira herrien antolaketan; hau da, ezinbestekoa da herritarrekin elkarlanean diseinatzea gure herriak. Beraz, espazio publikoaren diseinuan herritarren parte hartze oinarrizko pieza izan beharko da. Baina, parte hartze hori diseinatzerakoan ahalegin berezia egin beharko da bi arlotan: batetik, koltsulta hutsa saihestuko da parte hartze aktiboa sustatuz, eta, bestetik, antolatzen diren saioetan kolektibo ezberdinen parte hartzea bermatuko da, batipat koletibo ahulena; horiek baitira hiri deiseinuaren oztopoak eta trabak gehien sufrituko dituztenak.



Garrantzitsua da mota honetako jardunaldiak antolatzen jarraitzea. Horrelako topaketetan, herritarrek aukera baitute puri-purian dauden gaien inguruan adituek egiten dituzten hausnarketak zuzenean entzuteko eta horien inguruan hausnartzeko. Gainera, herritarrentzak ez ezik, erabaki guneetan lan egiten duten teknikari eta politikarientzat ere galdu ezineko hitzordua dira, oso baliagarria baitira esperientzia ezberdinak ezagutzeko, adituak ezagutzeko eta eraldaketarako tresnak eskuratzeko. 



Xixili Iturri, arkitekto hirigilea