Nire espezialitatea: biologoa, elikadura arloko ikerlaria.



2020-2021 ikasturterako ikerketa ildo berriaren proposamena.



Elikadura da nazioarteko zenbait erakunderen arabera (FAO, Europar Batasuna, Nazio Batuen Erakundea...) egungo, baina batez ere etorkizuneko, krisi global handienetakoa: munduko 7000 milioi biztanleak elikatzea erronka erraldoia baldin bada, hemendik urte gutxitara aurreikusitako populazioarentzako jana ekoiztea irudikaezina izango da. Janari bolumen handiagoaren beharraz gain, produktu horren kalitatea bermatzeak arazoa are gehiago larrituko du: giza populazioaren gorakada handiena garapen bidean dauden herrialdeetan aurreikusten da, haien egoera ekonomikoak hobera egin ahala elikadura osasungarriagoa eskatuko dutenak. Gaur egun mendebaldeko gizartearen dieta asetzeko egiten den lurzoruaren erabilerak krisi honi aurre egiteko irtenbide jasangarriagoen garapenaren beharra sortzen du.



Azken aldian kalitatezko elikadura ekoizpen berri eta jasangarrien artean intsektu haztegiak arreta gero eta handiagoa ari dira jasotzen. Nahiz eta mendebaldean artropodo hauen kontsumoa ez den arrunta, haien balio nutrizionalak oso egokiak dira gizakiontzako, eta herrialde askotako gastronomiak erakusten du gure otorduetarako osagai paregabeak izan daitezkeela baita zaporearen ikuspuntutik ere. 



Intsektuek kalitatezko proteina eduki handia daukate (%50-etik gora, jaten dugun edozein ugaztun, hegazti edo arrainek baino gehiago), eta koipe osasungarri iturri ere badira: gantz azido asegabetan aberatsak dira, baita omega 3-aren aurrekari direnetan ere, giza elikaduran hainbeste buruhauste sortzen dituena. Gainera, hauen kanpo eskeletoa osatzen duen karbohidratoak, kitinak, zuntz moduan joka dezake heste lodian. Jasangarritasunari dagokiola, animalia hauen aldeko argumentuak are indartsuagoak dira: kilo bat intsektu ekoizteko kilo bat behi okela ekoizteko baino 10 aldiz lurzoru eta ur gutxiago behar da, gutxi gora behera. Intsektuen elikadura ere ezaugarri posiboa da haien hazkuntza komertzialerako, baliorik gabeko hondakin organikoak baliatuz haz daitezkeelako haien kalitatea okertu gabe. Honegatik intsektu industriak zaborren kudeaketan ere aplikazioa eduki dezakeela uste dugu gure ikerketa taldean.



Hala ere, badakigu edozein berrikuntza industrial proposatzean ekonomia ere kontuan hartu behar dela. Gure elikadura ohituren bilakaerari erreparatuz gero argi dago gizartea mende honetan inoiz baino irekiagoa dela bere dietan atzerriko osagaiak eta ohiturak barneratzeko, eta hau dudarik gabe produktu berri hauen onarpenerako gako izango da. Hala ere, intsektuekiko dauzkagun aurreiritziak lurperatzea ez da prozesu azkarra izango, baina horrek ez du esan nahi arlo hau ez dela ekonomikoki bideragarria izango balizko etorkizun urrun batera arte; giza elikaduraz gain, badago beste merkatu handi bat intsektuentzat, interesgarriagoa agian epe laburrerako: animalia pentsuen industria.



Gure kontsumorako animalien pentsuak gaur egun jasangarriak ez diren osagaiez daude eratuak, batez ere arrain irin eta koipez, eta lurzoru hedadura handiak behar dituzten landare produktuz. Intsektu irinak pentsuak egiteko erabiltzea elikadura arloko ikertzaile askoren interesekoa da, baina oraindik fase oso goiztiarrean dago. 



Hau guztia ikusita, elikadurarako helburudun intsektu produkzioa proposatzen dut datorren ikasturteko ikerketa ildo berritzat, honako helburuak ezarriz:

1. Giza kontsumorako espezie egokienak bilatzea, kontsumitzailearen osasuna bermatzeko.

2. Hondakin organikoen erabileran oinarritutako produkzio sistema bat garatzea, industria berri hau ekologikoki eta ekonomikoki bideragarri egingo duena.

3. Abeltzaintza eta akuikultura sektoreentzako pentsuak garatzea intsektu irinetan oinarrituta. Honek, gainera, ikerketa arlo berri hau gure orain arteko akuikultura ikerketekin uztartzea ahalbidetuko du.

4. Dibulgazio kanpaina bat garatzea, gizartea produktu berri hauen onurez jakinarazteko eta onarpena errazteko.
