ESPEZIALIZAZIOA: HIZKUNTZAK ETA IRAKASKUNTZA



HIZKUNTZAK IRAKASTEN IKASTEN



Hogei urte dira Hizkuntzen Irakaskuntza jardunaldiak martxan jarri genituenetik, eta zenbat ikasi eta irakatsi dugun orduz geroztik. Ustekabean jaso nuen hitzaurre hau egiteko gonbidapena, ardura handia baita. Hala ere, aukera hau ezin galdu, eta ohore handiz onartu dut erronka.



Esan bezala, urte asko pasa dira lehenengo jardunaldi haietatik, irakasleok ikasketa-prozesuak ikertzeko eta aldatzeko gogoz hasi ginen, eta urteek aldaketak ekarri dituzte. Urteak bakarrik ez, ikertzaile berrien ekarpen eta azterketa oparoak ezinbestekoak izan dira gaur egungo testuingurua osatzeko. Jardunaldi haietan ikasi eta eztabaidatutakoak bide asko ireki ditu, eta gure jardunean geroz eta espezializatuagoak izaten irakatsi digu. 



Urteak daramatzagu hizkuntzen irakaskuntza birmoldatzen: hau da, perspektiba eta norabide berriak bilatzen. Irakasle izanik, zaila da metodologia zaharrak atzean utzi eta berriei heltzea. Baina, hasieratik, argi genuen hori zela jardunaldien helburu nagusia. Eta lortzen ari garela uste dut, zeresan handia sortzen ari baita.



Hizkuntzen irakaskuntzaren metodologia zaharrak hizkuntzak indibidualizatu eta banandu egiten ditu: hizkuntzak isolatuak dira, eta, ondorioz, baita haien irakaskuntzak ere. Baina hizkuntzak ez al dira, bada, komunikatzeko tresnak? Orduan, zergatik bakandu? Azken hori izan zen lehenengo jardunaldiko tesi nagusia. Galdera horietatik abiatuta iritsi gara gaurdaino, orain dakiguneraino: hizkuntza baten irakaskuntzak beste hizkuntza baten irakaskuntzan ere badu eragina; hortaz, atera diezaiogun etekina gainerako hizkuntzetan dakigunari hizkuntza berri bat ikasteko. 



Hizkuntzen irakaskuntzan bi atal nagusi bereizi ditut nire ikerketan: zuzentasuna eta aberastasuna, alde batetik; eta egokitasuna, koherentzia eta kohesioa, bestetik.



Lehenengo atalari erreparatuz, badakigu hizkuntza gehienak azaletik oso ezberdinak direla haien artean, baina begiratu al dugu barrura? Guk bai, eta, funtsean, hizkuntzak oinarri batzuen aldaerak dira: buru-azkenak edo buru-aurrenak, sintetikoak edo morfologikoagoak, hitz-orden ezberdinak, azentuduna edo azentugabea, etab. Ikasleari aldaera horien eta hizkuntzen arteko loturak ikusaraziz gero, askoz azkarrago barneratzen ditu edukiak, hasiera batean ikasteko zailena. Dena den, hori ez da hizkuntza batean jakin beharreko bakarra: hizkuntza ez al doa gramatikatik haratago? nola ikasi (edo irakatsi) egokitasuna, koherentzia edo kohesioa? Bada, ikasleak daki(zki)en gainerako hizkuntz(et)an dago erantzuna: hizkuntzen arteko transferentzian. 



Hori da hizkuntza baten irakaskuntzaren bigarren atal nagusia. Ez al da errazagoa zerbait berriz ikasi beharrean, dakiguna erabiltzea? Testu egokia izango da eskatutakoa betetzen badu, hizkuntzaren formari begiratu gabe; koherentzia ideien arteko hierarkiak emango digu, edozein dela hizkuntza; eta kohesioan garapenari eta loturei erreparatuko diegu. Beraz, hona hemen nire ondorioa: hizkuntza batetik bestera transferitzeko moduko ezagutzak dira. 



Azken horretan aritu naiz azken urteetan buru-belarri, bai ikasleen lan-jarduerak garatzen bai irakasleen prestakuntzan. Lan-jardueretan hizkuntza ezberdinetako testuak sartu ditut, ikasleak konparatu, ikasi eta hizkuntza berrian aplika ditzan. Duela bost urte jarri nuen martxan metodologia berria, eta egindako lana bere fruituak ematen hasi da: ikasleen ikasketa-prozesua hobetu ez ezik, azkartu ere egin da.



Eta hori guzti hori ez litzateke posible izango jardunaldi hauek gabe, eta, are gutxiago, denon lan eta eskarmenturik gabe. Beraz, eskerrik asko eta aurrerantzean ere irakasten ikasten jarrai dezagun!




Gasteizen, 2020ko irailaren 29an
