Ongi etorri!



Lerro hauek irakurtzeko parada hartzen duzunerako Irakasletza Graduko lehen eskoletan murgildurik izango zara, irakurle hori. Hasierako ezinegona, campusean gora eta behera noraezean egindako ibilerak, lagun-arte berriak... Bizipen horiek guztiak datozkit gogora, ikasle, ikasturte hasiera honetan. Ni ere izan bainintzen zure larruan, behinola. 



Maisu edo maistra izateko hautua egin duzu. Eta horrek, etengabeko hausnarketa prozesu batean murgilduko zaitu. Kuriositateak zipriztindu dezala zure mundua, ez utzi galderak egiteari eta erantzunen bila abiatu, hezitzaileok izanen gaituzu bidelagun. 



Ondorengo lerroetan, ikasturtean zehar egingo dugunaz hainbat zertzelada ematen saiatuko naiz. Abiapuntu gisa, Joseba Sarrionandiaren gogoeta bat dakarkizuet. Honatx: 

Ikasten duguneko lekua da eskola. Edozein leku izan daiteke: mendia, parkea, zinema-aretoa, itsasertza, etxea eta beharbada, eskola. 



Hitz horien bidez eskolari buruz gizartean errotuta dagoen uste bat adierazten du idazle durangarrak. Eskola eraldatu beharraz mintzo da, XX.mendean eraikitako eskolek eta euren estilo pedagogikoek ez baitiete erantzuten XXI.mendeko ikasleen beharrei, ez ditu horiek asetzen. Izan ere, ezin dugu ikaskuntza mugatu lau pareta artean gertatzen denari. Ezta liburu batean idatzita dagoenari ere. Egungo gizartearen ajeek ere, badute eraginik eskolan: pantaila irenste ase ezinak edota gure erritmo geldiezina, esaterako. 



Eskolak duen funtzioaz eta aurrean dituen erronkez arituko gara, beraz, ikasturte honetan. Zure iritziak eta ekarpenak jasoko ditugu, hezitzaile nahiz ikasleen arteko elkarreragina sustatuko dugu. Iritzi trukaketarako nahiz hezkuntza errealitate berrietara jauzi egiteko, janzkera egokia beharko duzu, ordea. Ireki maleta. 



Hasteko, sartu bertan betaurreko bifokalak, ezinbesteko tresna izango duzu eta. Urrunean begirada jartzeko, batetik. Eta gertuko errealitateari so egiteko, bestetik. Munduan barrena gertatzen ari diren fenomenoak aztertuko ditugu, xehe. Mundu globalizatu honetan, hango joerak hona iritsiko diren ziurtasun erabatekoaz. Baina, era berean, Euskal Herriko gizarte zuntzetan gertatzen ari denari beha ere jardun beharko duzue. Izan ere, komunitatea, ezinbesteko faktorea da eskola sendoa eraikitzeko. 



Gona soinean ekar ezazue. Egunero. Feminismotik ekarpen ugari ari dira egiten hezkuntza alorrean, azken urteotan. Jakintzagaietan genero arrakalak izan duen eragina aztertuko dugu eta emakume adituen ahotsei behar duten tokia egingo diegu. 



Jantzi xirak eta katiuskak. Heike Freire pedagogoaren eskutik gure herrietako basoak eta eremu naturalak sakon ezagutuko ditugu eta. Izan euri ala izan eguzki. Hezkuntzaren birnaturalizatze prozesua izanen dugu hizpideetako bat, hain zuzen. Pandemiak erakutsi digunez, gizakiak hiru axioma bazterrean uzteko garaia iritsi da: Gizakia naturatik kanpoko izakia dela, bata; Lur planetaren jabegoa berea dela, bigarrena; eta kontsumitzeak zoriontasuna dakarkigula, hirugarrena.  



Maleta itxi. Prest zaude dagoeneko. Egin lehen urratsak, hezkuntza eraldatzeko bide honetan. Egingo dugu topo aurrerantzean ere. Batzuetan ordekan, bide malkartsuetan besteetan; oinez, korrika, gurpildun aulkian... Aurrera, beti.