020-21 ikasturtea



Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten dugun guztiok ziur gaude hastera doan ikasturte berri hau behar bezala joango dela, eta arrakastaz beteriko urte bat izango dela. Izan ere, COVID-19ak sortutako osasun larrialdia hasi zenetik ibili gara lanean ikasturte hau prestatzen. Aurrekoa -egoerak hala behartu zuelako- gogorra izan zen, baina aurre egin genion. Hala eta guztiz ere, aipatu behar dugu aurreko urtean gure unibertsitatean ikasketak bukatu zituzten ikasleen gehienek lana aurkitu dutela. Horrek izugarrizko hauspoa eman digu kurtso berri hau prestatzeko. Horrez gain, nazioarteko unibertsitateen kalitatea neurtzen duen University Quality Award ikurra jasotzeak erakutsi digu bide onetik goazela.



Kurtso berri honi begira, berrikuntza batzuk sartzea adostu dugu. Alde batetik, aipatutako osasun egoera berezi honek behartuta, aurten 40 ikasle egongo dira gehienez gela bakoitzean; horretarako areto berriak egokitu ditugu. Beste alde batetik, Euskal Herrian 50 langile baino gehiago dituzten enpresa gehienekin elkartu gara lanpostu baterako hautagaiek zer ezaugarri bete behar dituzten jakiteko. Bilera horietatik datu eta ideia interesgarri asko atera ditugu; hartutako erabakien artean, honako hau izan da garrantzitsuenetako bat: ikasleek gobernu korporatiboko eta erantzukizun sozial korporatiboko gaiak sakonago landu behar dituzte unibertsitatean. Bisitatutako enpresetako arduradunen ustez, arlo horien inguruan ezagutzak dituzten ikasleek lana errazago aurkituko dute etorkizunean, gainerakoen aldean.



Horregatik, erabaki dugu gobernu korporatiboa eta erantzukizun sozial korporatiboa sartzea ekonomia ikasgaiaren barruan. Berrikuntza horren beharra agerian uzteko, jarraian, aurrerapen gisa, gaiaren informazio esanguratsuena azalduko dut. Bi kontzeptu horiek garrantzia hartu dute azken urteetan, gizarteak eskatzen ari zaielako enpresei euren jarduerek eragindako ondorioei buruz erantzukizunak hartzeko. Gobernu korporatiboa, funtsean, gardentasuna bilatzen du enpresa baten kudeaketan. Konpainiek -batez ere dirulaguntzak jaso dituztenean- informazioa eman behar dute aurrera eramandako jarduerei buruz, eta dirua modu eraginkorrean kudeatu duten erakutsi. Horretarako, beren webguneetan argitaratu ditzakete urteko kontuak biltzen dituzten txostenak, besteak beste. Erabakiak gardentasunez hartzen direla ziurtatzeko, erakundearen administrazio kontseiluko kideen artean langile bat sartu daiteke.

Beste alde batetik, erantzukizun sozial korporatiboaren helburua da enpresarekin harremanak dituzten interes taldeen kezkak modu egokian erantzuten direla ziurtatzea. Interes talde horiek lau multzotan sailkatu daitezke: bezeroak, hornitzaileak, langileak eta gizartea. Guztiei arreta jarri behar zaie; izan ere, bakoitzak bere garrantzia du. Bezeroak enpresaren irudi ona eta ospea zabaltzen dute. Hornitzaileak, berriz, erakundearen balio katearen atal nagusi bat dira; izan ere, saldutako produktuen edo zerbitzuen kalitatean eragin zuzena dute. Langileak entitatearen aurpegia dira kanpora begira. Azkenik, tokiko gizarteari erreparatu behar zaio, erabaki zailak hartzeko orduan garrantzitsua delako biztanleen oniritzia izatea.



Bukatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko kide guztien izenean, espero dut arrera ona izango dutela ikasturte honi begira hartu ditugun erabakiek. Horrez gain, ziur nago baloratuko dituzuela egindako berrikuntzak. Besterik gabe, disfrutatu, asko ikasi eta zorte on guztioi.




EHUko ekonomia irakaslea
