021-2022 IKASTURTERAKO BERRIKUNTZAK



Badakigu zeintzuk diren unibertsitateko ikasle baten kezka eta arazoak. Horiek gutxi ez eta Covid-19ak zailtasun horietako batzuk areagotu ditu. Ez dakigu noiz arte izango dugun birusa gure artean, baina dagoeneko badakigu zeintzuk izango diren horri aurre egiteko Euskal Herriko Unibertsitateak 2021-2022 ikasturteari begira izango dituen neurri berri eta berrikuntzak.



Aurreko ikasturte-bukaerako galdetegiak jaso eta gero, horien gainean hausnartu zuen Farmazia Fakultateko Dekanotzak. Jasotako inkesta gehienetan eGela kanpus birtuala, graduondoko ikasketak, lan mundurako prestakuntza eta ikastaro gehigarriak aipatzen ziren. Puntu horietan, hain zuzen, datoz aldaketak ikasleen ikasketa prozesu eta esperientzia hobetzeko.



Ikasleen hitzetan, saioen grabazioen kalitatea ez zegoen presentzialen parera, eta horren ondorioz iaz askok bertan behera utzi zituzten haien ikasketak. Horregatik, aurten, eGela plataforma birtualaren bidez modu presentzialean jasotzen ziren klase orduak modu birtualean jarraitzeko aukera egongo da, unean bertan zein grabazioen bidez. 



Ildo berean, Farmazia Fakultateko irakasleek konpromisoa hartu dute saioetan erabiltzen duten bibliografia eta erreferentzien bilduma bat egiteko, gero, baliabide horiek unibertsitateko ikasleen eskura jartzeko. Modu horretan, klaseak etxetik jarritu behar edo nahi duten ikasleek materiala eskura izango dute beti eta ez dute trabarik izango lana egunera eramateko.



Graduondoko ikasketei dagokionez, Farmazia Fakultateak aurrerapauso handia egin du zentzu horretan. Giza Nutrizio eta Dietetikako ikasketei lotutako hiru master berri eskainiko ditu: Elikadura eta Nutrizioa Kirol eta Ariketa Fisikoan, Nutrizio Klinikoa, eta Nutrigenomika eta Nutrigenetika. Ikasketa berri horien izaera, gainera, ofiziala izango da ostera doktoretza ikasketak egiteko asmoa duten ikasleei bidea errazteko.



Ikasketekin jarraitu nahi ez dutenentzako, aldiz, lan mundurako prestakuntza jardulandiak egingo dira kanpusean. Jardunaldiotan egun lanean dauden aditu eta profesionalek hitzaldiak emateaz gain, tailer praktikoak emango dituzte langileen eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren azaltzeko, enpresa baten oinarriak nola finkatzen diren erakusteko eta lan burokratikoekin laguntzeko. Hiru eguneko formakuntzaren ostean ikasleak gai izango dira norberaren proiektua aurrera eramateko.



Beste alde batetik, ikasketekin jarraitu nahi duten zein lan munduan murgildu nahi direnentzako ikastaro gehigarri bat plazaratu da EHUko berrikuntza planean. Nazioarteko ikerlariak diren  Franchis Holway, Asker Jeukendrup eta Brad Schoenfield izango dira 20 orduko ikastaroaren buru. Antropometriaz, dietoterapiaz eta kirol fisiologiaz arituko dira, graduan gainetik jorratzen diren ikasgaietan gehiago sakontzeko.



Ikastaro berriaz gain, Farmazia Fakultateak akordio bat lortu du nutrizioan maiz erabiltzen diren produktuak saltzen dituzten enpresa pribatuekin. Akordio horren ondorioz, Giza Nutrizio eta Dietetikako ikasleek % 50eko beherapena jaso dezakete hurrengo produktuetan: ISAKeko profil mugatuan eta orokorrean, Nutrium-eko lizentzian, eta InBody markako E270 eta E370 bioinpedantzia gailuetan.



Berrikuntza horiekin guztiekin EHUko ikasleen ikasketa prozesu eta baldintza onenak bermatu nahi dira, ikasleak haien bizitokietatik gertu eta euskaraz goi mailako ikasketak jasotzeko aukera izateko eta gradu ikasketak bukatzean nahi duten bide profesionala jarraitzeko. Berrikuntza plan honek ere ikasleen eta Dekanotzaren arteko harremana hurbiltzeko asmoa duenez gero, esketzekoa da ikasleek haien iritzia azaltzea, hobekuntza dinamika batean lanean jarraitzeko.



Sinatuta: Nutrizio saileko burua