Gazteentzako euskarazko komunikazio proiektu baten garapena



Kezka kutsutan hitz egin ohi da gazteei buruz euskarazko hedabideen arloan. Kezka, batetik, komunikabideen talaiatik begiratuta: erabat bestelako ohiturak dauzkate, ohiko bideetatik kanpokoak, negozio eredua bera zalantzan jartzen dutenak. Eta kezka, bestetik, euskararen ikuspegitik: erabilera ez dela behar adinakoa, ezagutza nola areagotu den ikusita. Bi erronka horiei heltzeko proposamena da honako hau: euskarazko komunikazio proiektu bat garatzea, gazteak helburu hartuta.



Euskara indarberritzeko prozesuan arlo estrategikotzat hartu ohi da komunikazioarena, eta are garrantzi handiagoa du gazteen eremuan. Kontuan hartu behar da gazte askok nolako harremana duten euskararekin: eskolan ikasten dute, hura dute erabiltzeko eremu bakarrenetakoa, eta eskolarekin batera amaitzen dituzte euskararekikoak. Suari eusteko, hezkuntzan egindako ahalegina ke ez bihurtzeko, ezinbestekoa da euskarak eskolatik kanpo ere segida izatea. Komunikazioaren esparrua funtsezkoa da horretarako. 



Baina ez da landu beharreko arlo bakarra: sua gar bihurtuko bada, beste eremu ugaritatik ere heldu behar zaio auziari. Komeni da hori begi bistatik ez galtzea. Maiz gertatu baita erronka handiak hartzea bizkar gainean, anbizio handiko helburuak ipintzea, eta emaitzarekin etsia hartzea. Aurrera egiteko zama izan ohi da.



Komunikazio proiektua garatzeko, haren izaera da lehenbizi aztertu beharrekoa: zer moldetako hedabidea egin nahi den. Gazteen joera nabarmena da: egunkaririk ez besapean, irratirik ez sukaldean, eta telebista gero eta gutxiago egongelan. Sakelako telefonoa dute eguneroko tresna, baita komunikabideetara jotzeko ere. Hortaz, gazteak badira jomuga, batez ere telefonoan kontsumitzeko hedabidea ondu beharko da, bai formatuan, bai edukietan.



Horra hor erronka nagusia: nola egin kalitatezko kazetaritza gazteen joeretara egokituta. Batetik, euskarriari dagokionez. Telefonoko kontsumoa ez baita egunkaria zabaldu eta artikulu eskaintzari erreparatzea bezalakoa: pilula erako kontsumoa da, eduki zehatzetara jotzen duena, askotan sare sozialen bidez iristen dena. Bestetik, edukiei dagokienez: sare sozialetako zurrunbiloan eduki ikusgarriek lortzen dute arrakasta, haiek ibiltzen dira biraka batean eta bestean, nahiz eta askotan informazioaren kalitatea dudakoa izan. Komunikazio proiektu berriak ardatz izan beharko lituzke biak, elkarren aurkakotzat jarri gabe: kalitatea eta ikusgarritasuna, kazetaritza eta hedadura. Giltzarria da informazioa beste era batean kontatzea.



Euskarazko komunikazio proiektua izanik, ezinbestekoa da egoera soziolinguistikoa gogoan hartzea; alegia, xede diren hartzaileen ezaugarriak aztertzea. Joera argia ageri da datu soziolinguistikoetan: gero eta gazte gehiago dira hiztun berriak, euskara etxetik kanpo ikasi dutenak; euskaraz badakite, baina erosoago eta aiseago egiten dute erdaraz; euskara ez dute eguneroko hizkuntza. Sorgin gurpila da hori: euskaraz ez direnez erraz aritzen, erdarara jotzen dute; eta erabat erdaraz jardutearekin, atzendu egiten zaie euskara gaitasuna. 



Ezaugarri horiek kontuan hartu behar dira hedabide berriaren hizkuntza estiloa zehazteko. Ezinbestean eutsi behar zaio hizkuntzaren zuzentasunari, euskarazko hedabideek funtsezko rola baitaukate euskara estandarra finkatzeko bidean, baina, zuzentasunaren irizpideaz gain, behar da beste bat ere: egokitasuna. Gazte horien hizkerara eta molde berrietara egokituko den mintzaira erabiltzea, eta ez eskolarekin edo akademiarekin lotuko duten euskara moldea.



Beste bide batzuk urratzeko proiektua da, erronka handia: beste hedabide mota bat, beste publiko bat, beste eredu bat. Baina euskarazko komunikazio esparrua sendotzeko aukera ere bada, orain arte iritsi gabeko eremuetara heltzeko bidea. Hara: gazteen artean euskararen ezagutza nola hedatu den ikusita, oinarri horrek modua ematen du euskalgintzaren ohiko eremuetatik kanpora irteteko, Gipuzkoak erdigune izateari uzteko,