Pandemia ondorengo fiskalitatea



Hain xumeki hasi zen Zergak aldizkariak 10 urte beteko dizkigu aurten.  Bidea xor-xor eginez, urteak pasa ahala, entzute handia lortu du, Tributu Zuzenbidearen alorrean dagoen erreferentziarik garrantzitsuenetakoa bilakatu baita dagoeneko.



Orain dela hamar urte Euskal Herri mailan soilik argitaratzen eta ezagutzen zen gazeta hau. Gaur egun berriz, nazioartean ere zeresan handia ematen du, eta horren adierazgarri da hamargarren urteurrena ospatzeko plazaratuko den ale berezi honetako idazleen zerrenda. Izan ere, gure herrialdean diren aditu entzutetsuenez gain, Europako beste hainbat lurraldetako abokatu eta aholkularik ere parte hartu baitute bertan.



Ohore izugarria da ni aukeratu izana sarrera-artikulu hau idazteko, are gehiago aldizkari sonatu honen momentu garrantzitsu honetan izanda.



Hau esanda, goazen ale honetan jorratuko dugun gaira. Jasaten ari garen pandemiak, dakizuenez, ondorio ugari ekarriko dizkigu, eta besteak beste, ekonomiak izugarrizko beherakada izango du. Ondorioz, tributuen bidezko diru-sarrera publikoek behera egingo dute; herritarrek behar dituzten laguntzek ordea gora.



Hori dela eta puri-purian dago tributuek izan beharko luketen joeraren eztabaida. Bi ikuspuntu nagusi daude: batetik fiskalitatea igotzea, diru-sarrera publikoak igo eta beharrizanei aurre egin ahal izateko; bestetik, fiskalitatea jeistea, hainbeste sufritzen ari diren familia-ekonomiek ere arnas har dezaten.



Eztabaida hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bi aldeek abantailak badituzten arren, arazoak ere ugari baitituzte. Eta gauzak dauden horretan uztea ez da soluzio hobea.



Tributuen pisua haziz gero, erakunde publikoen sarrerek gora egingo lukete epe laburrean, baina norbanako eta familiek eskura izango lituzketen sarrerak txikiagoak izango lirateke. Beraz, kontsumitzeko zein aurrezteko ahalmenek behera egingo lukete, eta hori, epe luzera, ekonomiaren eta diru-sarrera publikoen kalterako da. Honek gizartea gero eta pobreago egingo luke, bai herritarren eta baita administrazioen kaltetako ere.



Fiskalitatea jeisten bada aldiz, hiritarrek diru gehiago izango lukete eskuragarri, eta hori hona litzateke; baina erakunde publikoek zergen bitartez jasotzen duten kantitatea txikiagoa izango litzateke, hau da, funts gutxiago izango lituzkete erabilgarri. Horrek betebeharrei aurre egiteko zailtasunak ekarriko lizkieke, baita egoerarik txarrenetan dauden herritarrei laguntzak emateko ere. Gizartearen zati bat atzean uzteak ondorio larriak ekarriko lituzke, eta epe luzera arazoa hareagotzeko arrisku handia.



Beraz, era batera familiek diru erabilgarri gutxiago izango lukete, eta bestera berriz erakunde publikoek, alegia, ezin txapel bakarra bi burutan jantzi. Horregatik, formula egokia bilatu beharra dago, eta hau aurkitzeak ez dirudi ume jolasa.



Dilema hau ez da gurea bakarrik, herrialde gehienek, gutxiago edo gehiago, arazo berbera baitute. Horregatik, aldizkari honetako aditu atzerritarren ekarpenak ere oso lagungarri zaizkigu. Ezinbestekoa da beste lekuetan arazo honi nola aurre egin dioten aztertzea, hemen ere irtenbiderik onenak bilatzeko. Hala ere, ondo dakigun bezala, beste lekuetan era zakurrak hankutsik.



Garai zail hauetan soluzioak behar ditugu arestian aipatutako arazoari aurre egiteko, eta, esan bezala, ez dago irtenbide perfekturik. Hala ere, ale honetako ekarpenak argigarri izango direlakoan, irakurketa atsegina opa dizuet irakurleoi. Eta ahaztu aurretik, zorionak eta urte askotarako Zergak aldizkariari!



                                                            Donostian, 2021eko apirilaren 21ean



                                                                                            Indalecio Iturriza