Fisika Ingeniaritza Espazialaren hastapenetan



Erdi Arotik Aro Modernora bitartean matematikaren eta alkimiaren inguruko zientziek aparteko sustapena pairatu zuten. Halabaina, aurrerapenak aurrerapen, estamentu sozialen barruan nolabaiteko garrantzia zuten gizabanakoek baino ezin zuten zientzia bera jorratu, eta, horrek, alor honetan ekarpen zientifiko garrantzitsuen pizkaria izateaz urrun, zientzia bera mugatu egin zuen. Ez zen XVIII. mendearen amaierara arte izan, Frantziako Iraultzaren errotik, zientziak berak gorakada garrantzitsua jasan zuela.



Norbanakoaren askatasunen aldarrikapenen esku etorri ziren zenbait asmakuntza eta aurrerapen zientifiko-teknologikoak. Zientzia herri xehearen eskuetan jarri egin zen unean, aurreko garai ilunagoetako arroztasunetik atera eta ureztatu berri den lore baten antzera eraberritu egin zen. Gaur egun ezer baino entzutetsuagoak diren hamaika zientzialarik zientziaren alor guztietan sakondu eta aurretik aztertu egin ez ziren gai anitz jorratu zituzten. 



Fisikak, zientziaren ondotik, aparteko garrantzia bereganatu zuen XIX. mendean, aurrerakuntza teknologikoek lagunduta. Hasieran arroztasunez begiratzen baziotzaion ere, laster nor-noren eskuetan izan eta ulertua izateko baliabideak sustatu ziren. Era berean, garaian garaiko aurreiritzi eta zailtasunak alde batera utzi zituzten zenbait fisikari eta zientzialari nabarmenen lanari esker, fisikaren inguruko ezagutzak mundu osora hedatu ziren.



Aro Garaikidean zehar zientziek izan zuten gorakadari ertsiki loturik, espazioaren eta hura inguratzen duten bestelako zientzien eta ezagutzen goraldi nabarmena eman zen herrialde garatuenetan, bereziki Europan eta Amerikako Estatu Batuetan. Espazioak berak berebiziko miresmena eta jakin-mina piztu zuen garaiko gizartean, eta horrek, beste zenbait faktoreren artean, horren inguruko ikerketa sutsu sustatu zuen. Ia mende baten buruan gizakia lehenbizi Ilargira joan izate hutsa da horren seinale nagusi.



Aurrerakuntzak aurrerakuntz, fisikak, aurretik azaldu ezin izan ziren zenbait fenomeno aurkeztu eta jorratzen hasi zen, eta, ildo horretan, munduko zenbait herrialdeetako fisikarien lehen elkarte eta argitalpenak sortu ziren. Hasiera batean ulertezina iruditu zitzakeen arren, zientziaren alor honek miresmen handia piztu zuen zenbait talde sozialen barruan, eta horri esker, zientziak, aurretiaz inoiz jasotako hainbat eta hainbat baliabide bereganatu ahal izan zituen. Aurretik aipaturiko espazioarekiko interesa barne, ingeniaritza espaziala delakoak berebiziko bultzada jasan zuen.



Ingeniaritza espaziala, alor zientifiko-tekniko gisa, espazioaren azterketaz haratago, lurretik espaziora bitarteko bidaien bideragarritasunaren inguruan aritu egin da betidanik. Eta, hain zuzen ere, horixe bera izan da zientzia honek izan duen buruhauste nagusiena. Egun, anitz hegazkin zerua zeharkatzen edota espazioan barrena noraezean dabiltzan sateliteak normaltasun osoz ikusten ditugun arren, duela mende bat arte pentsaezina zen halako egitura konplexuak zeruan gora altxatu ahal izatea. Arazo horrek zenbait buruhauste eragin zituen zientzia komunitatearen barruan, eta, fisika izan zen, hain zuzen ere, arazo honi irtenbidea eman ziona. Matematikaren laguntza baliatuz, fisikak azaldu eta ekarritako zenbait ekuaziori aurre egin behar izan zitzaien, euren ebazpenetan oinarritzen baitzen espazioa bera jorratzen zuen ingeniaritza.



Modu honetan, lehen bidai espazialak egin ahal izan ziren, egun espazioaren inguruan dugun ezagutzaren iturri garrantzitsua izan zirenak. Fisikak berak bidai horien erroan dagoen oinarri zientifikoa jorratu eta bideratu zuen, horien bideragarritasuna bermatuz. Eta, oraindik ere, bere horretan dirau, egungo, eta etorkizun hurbileko ingeniaritza espazialaren oinarri funtsezkoenak eraikiz, zientzia beraren eta gizateriaren etengabeko aurrerapenen seinale.